2007/09/28
Juan Jose Ibarretxek datorren urtean herri-galdeketa egingo duela iragarri du gaur Legebiltzarrean, politika orokorrari buruzko osoko bilkuran, egindako agerraldian. Eta espero zitekeen bezala, albisteak ez du inor axolagabe utzi. Talde guztiek iritzia eman dute dagoeneko.
Hirukoa osatzen duten alderdiak gustura agertu dira ekimen honek "erabakia Legebiltzarraren eta herritarren eskuetan uzten duelako".
EAJren talde parlamentarioko bozeramaile Joseba Egibarrek pozik hartu du kontsulta egiteko proposamena eta "adimen politiko handikotzat hartu du".
Lehendakaria bere hitza betetzen joan da inbestidura hitzaldi guztietan eta konfiantza erakutsi dio ganbera honi. Mundu guztiak baitaki orain data bat dagoela".
Unai Ziarreta Eusko Alkartasuneko eledunak esan du proposamenaren aurrean ez dagoela "ezer esaterik ikuspuntu demokratikotik. Negoziazio bide berri bat ireki da. Akordioa erdietsi ahal izateko proposamen berri bat egiten zaio Estatuari. Eta bide hori irekitzen ez bada, eman diezaiotela herriari hitza".
Oskar Matute Ezker Batuko ordezkariak ere begi onez ikusi du planteamendua. Haren ustez, "oposiziotik nekez bazter dezaketen bide demokratikoa ireki du lehendakariak".
Kritikak oposizioan
Hirukoa osatzen ez duten alderdi guztiek, Aralar salbu, gogor kritikatu dute proposamena, batzuen eta besteen arrazoiak oso bestelakoak diren arren.
Talde sozialistako bozeramaileak, Jose Antonio Pastorrek, "iruzurtzat" jo du galdeketa egiteko saiakera. Haren iritzian, inork ez du sinetsiko galdeketa batek Euskadin indarkeriarekin amaituko duenik". Alde bitan banatutako eztabaida ekarriko du, beste hizpiderik ez izateko. Honek ez du ezertarako balio. Bazterrak nahasteko, alderdiak aurrez aurre jartzeko".
Leopoldo Barredaren (PP) esanetan, Ibarretxek "nazionalistentzako zeru-ertza marraztu du eta erradikaltasunera eraman gaitu. Ekimen horrek ETAri bermea ematen dio, demokrata baino lehen nazionalista da eta ez du legezkotasunik".
EHAK-ko Nekane Erauskinek uste du herri-galdeketa horrek ez duela konponbiderik ekarriko, Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartzen ez duelako. "Egungo esparrua amaituta dago. Gatazka ez dago bakarrik EAEn; Nafarroa ere barne dago", esan du.
Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkidea pozik agertu da, "herri-galdeketa egin behar den edo ez eztabaida bukatu delako". "Emandako hitza betetzeko azken aukera zuen. Zehaztasuna eskatzen genuen eta proposamena zehaztu du. Horixe nahi genuen", adierazi du.
Iritzia eman dute kanpoaldetik ere
Batasunak bestalde, kontzentrazioa egin du ganberaren kanpoaldean.
Bertan, Pernando Barrena ezker abertzaleko buruzagiak lehendakariaren hitzak kritikatu ditu galdeketak ez dielako "etorkizunaren inguruan erabakitzeko eskubiderik ematen Euskal Herriko herritar guztiei, zazpi herrialdeetako euskal herritarrei. EAJ estatutuari iruzur egiten saiatuko da berriz, PSOEk lagunduta", esan du Barrenak.
Euskadi Irratiko azken albistegia