2007/09/28
Esandakoa beteko du Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eta euskal gizarteari hitza emango dio 2008ko urriaren 25ean. Gatazka gainditzeko bere ibilbide orriaren berri eman du Ibarretxek. Legebiltzarrean, politika orokorrari buruzko osoko bilkuran, eman ditu xehetasunak.
Estatuarekin akordioa lortzen saiatuko da aurrena Ibarretxe eta euskal gizarteari hitza emateko pausuak emango ditu gero, ekainetik aurrera abiatuko duen prozesuan. Madrilekin akordiorik lortzen ez badu, Legebiltzarra desegingo du eta hauteskundeak deituko ditu. 2008ko urriaren 25ean egingo du kontsulta lehendakariak.
Ibarretxeren ibilbide orriko lehen urratsa
Euskadiren eta Espainiaren arteko akordio politikoa lortzeko eskaintza egingo dio Ibarretxek Espainiako gobernuburuari. Bi oinarri izango ditu akordio horrek: "Printzipio etikoa, indarkeriari uko eginez, euskal gizarteak bide politiko eta demokratikoak bakarrik erabiltzeko duen konpromisoa, eta Printzipio demokratikoa, euskal gizartearen nahia errespetatzeko, eta borondate hau ordenamendu juridikoan jaso eta nola gauzatuko den arautzekoa".
"Gaurtik aurrera eskaintza eginda dago, eta nire agenda zabalik dago. Berarekin biltzeko erabateko prestutasuna dut eta hala helaraziko diot Espainiako Gobernuko presidenteari", esan du.
Bigarren pausoa
Bigarren urratsa, Eusko Legebiltzarrean emango da. Ekainean ez ohiko bilkura egingo da, Espainiako Gobernuarekin adostutako balizko akordio hori berresteko xedez. EAEko Ganberak ondoko bi aukeren artean hautatu beharko du: "Espainiako presidentearekin lortutako Itun Politikoa berretsi, eta baimena eman juridikoki loteslea izango den kontsulta baten bidez Ituna euskal gizarteak berronets dezan. Kontsulta hau izango litzateke giltza, euskal alderdien arteko negoziazioari ekiteko. Edo, blokeo egoera gainditzeko gaituko gaituen kontsultarako baimena eman, gizartea izan dadin, bere erabakiarekin, elkarrizketa eta negoziazio prozesu bikoitzerako agindua emango diguna: indarkeriaren behin betiko amaiera ekarriko duen prozesua batetik, eta euskal gatazkaren irtenbidea ekarriko duen prozesua, bestetik".
Akordiorik lortzen ez bada, kontsulta bat egiteko baimena eskatuko dio Ibarretxek Legebiltzarrari.
Eusko Legebiltzarrak Estatuarekin lortutako akordioa berresten ez badu, edo kontsulta egitea baimentzen ez badu, Eusko Legebiltzarra desegin eta hauteskundeak deituko ditu datorren urteko udazkenean.
Kontsulta
Espainiako Gobernuarekin lortutako balizko akordioa berresteko edo akordiorik ezean, elkarrizketa prozesu bati ekiteko agindua jasotzeko egingo litzateke kontsulta. Gizarteak aukera izango du bietako bat egiteko: edo Estatuarekin aldez aurretik lortutako akordioa berresteko, edo elkarrizketa eta negoziazio prozesu bikoitzerako gaitzea helburu duen "kontsulta" batean parte hartzeko. Bigarren kontsulta honen bidez, gizarteak, alderdi guztiei –ETAri, Espainiako Gobernuari eta euskal alderdi politikoei- agindua emango lieke, epe jakin batean, indarkeriaren amaiera helburu duen prozesua abiarazi eta garatzeko batetik, eta gatazka politikoaren irtenbiderako prozesua abiarazi eta garatzeko bestetik. "Jabetzen naiz, guztiz jabetzen, bigarren kontsulta mota hau ez dela juridikoki loteslea izango, baina inork ez du zalantzan jarriko nolako balio politiko, sozial eta demokratikoa izango duen", esan du lehendakariak.
Estatuarekin akordiorik lortzen ez bada, kontsulta ez litzateke juridikoki loteslea izango, "baina balio politikoa, soziala eta demokratikoa" izango luke, Ibarretxeren arabera.
Prozesuari amaiera emango dion Erreferendum Erabakigarria 2010eko bigarren sei hilekoan
Herri-galdeketaren emaitza edozein izanda ere, Legebiltzarra desegin eta hauteskundeak deituko ditu lehendakariak. Ondoren, beste erreferendum bat egingo litzateke 2010eko bigarren seihilekoan. Bigarren erreferenduma egin baino lehen, "ETAk borroka armatua ixteko borondatea" erakutsi beharko luke. Elkarrizketa mahaiari ekingo litzaioke orduan.
Bestalde, euskal aderdiek ("bazterketarik gabe") negoziazio politiko bat martxan jartzeko konpromisoa hartu beharko lukete. Euskal herritarren erabakitzeko eskubidea errespetatzea eta lurraldetasunaren inguruan akordioa lortzea izango da mahai horren helburua. Hain justu akordio horiek izango lirateke erreferendumeko ardatzak.
Euskadi Irratiko azken albistegia