2007/09/12
Josu Jon Imazek politika utzi eta jarduera profesionalera itzuliko dela iragarri berri du hedabideei igorritako eskutitza batean. Politikaren munduan harridura eragin duen albistea EAJko kide egin zenetik (1978) ia 30 urtera dator.
Agurra alderdi jeltzalearen zuzendaritza berriaren (urtea amaitu aurretik aukeratu behar dutena) hautaketa prozesuaren atarian gertatu da.
Imaz Europar Parlamentuan diputatua, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua eta Jaurlaritzako bozeramailea izan da EBBko presidentetzara (2004) heldu aurretik. Orduan, Joseba Egibar izan zuen aurrez aurre, Xabier Arzalluzen babesa zuena. Askok subiranotasuna helburu dutenen eta itunen aldekoen arteko lehia bezala aurkeztu zuten hauteskunde prozesua.
Imazek Bizkaiko EAJren babesa (alderdiaren sektorerik boteretsuena) izan zuen, baita Nafarroakoarena ere, baina hautagai bien arteko "borrokak" oraindik itxi ez diren zauriak eragin zituen alderdiaren baitan.
Geroztik, subiranotasuna alde batera utzi eta partekatutako subiranotasunari eta akordio transbertsalei buruz ez ezik, Espainia "erakartzeaz" ere hitz egiten hasi zen EBBa.
Mezu horiek ezinegon nabaria eragin zuten alderdian, subiranotasunaren aldekoen artean. Bien bitartean Espainiako Estatuan, politikari ugariren laudorioak jaso zituen, PSOEren aldetik batez ere baina baita PPtik ere.
ETAren aurka erakutsitako jarrera irmoa da euskal politikari utzitako ondarerik nagusienetakoa.
Ez inposatu, ez galarazi
Alderdikideekin izandako ika-mikarik sonatuena uztailaren 15an jazo zen, hainbat hedabidek haren iritzi artikulu bat argitaratu ostean.
Ez inposatu, ez galarazi izena zuen idatzian EBBko presidenteak zioen orain ez dela herri-galdeketa bat egiteko unerik aproposena.
Erreferenduma alde batera uzteko gomendioak eta abertzaleen eta espainiar nazionalisten arteko batasunaren alde esandakoak kritika gogorrak eragin zituen, baita EAJ barruan ere.
Hitz gogorrenak Joseba Azkarraga EAko sailburuak izan zituen, Imazen jarrerak agenda politikoa ETAren esku uzten zuela eta konstituzionalistei beto eskubidea ematen ziela uste baitzuen Azkarragak.
Bake-prozesua eta Loiolako elkarrizketak
ETAren su-etenaz geroztik buruzagi jeltzalea babesa erakutsi zion Zapateroren Gobernuari eta zuzenean parte hartu zuen Loiolako elkarrizketetan.
Barajasko atentatuaren ondoren ere elkarrizketa defendatzen jarraitu zuen baina Batasunak ETAren indarkeria gaitzestea ezinbestekoa zela adierazi zuen.
EBBren ponentzia politikoa
Agurra EBBk lau urteetarako jeltzaleen estrategia zuzenduko duen ponentzia politikoa aho batez onartu eta egun gutxietara dator.
Imazek garaipen pertsonaltzat hartu zuen testuaren onarpena, balizko galdeketa bat egiteko ezinbestekoa den baldintza bat ezartzen duelako, erreferenduma giza-eskubideak eta askatasun demokratikoak errespetatzen dituen marko baten baitan egitea, hain zuen ere. Hau da, ETAren indarkeriarik gabe. Gainera, ponentziak ez du eperik ezartzen aipatu galdeketa egiteko.
Hori guztia ez dator bat azkenaldian Ibarretxeren Exekutiboak esandakoarekin. Izan ere, lehendakariak erreferenduma egiteko asmoa berretsi du, ETA egon zein ez egon.
Euskadi Irratiko azken albistegia