Politika

EZUSTEKO IRAGARPENA

Imazek politika utziko du eta ez da EBBren hauteskundeetara aurkeztuko

2007/09/12

Ez da berriro EAJko presidentetzarako hautagaia izango, eskutitz batean azaldu duenez. Erabakiak "barne-prozesua erraztu eta gure aukera politikoa elkartu eta indartu baino ez du nahi", esan du. Josu Jon Imazen soslaia.

Josu Jon Imaz EAJko presidenteak politika utziko du eta, beraz, ez da berriro Euzkadi Buru Batzarreko presidentea izateko hautagaia izango, "barne-prozesua" errazteko eta alderdia indartzeko xedez, hainbat hedabidetara igorritako eskutitz batean iragarri duenez.

"Etorkizunaren aldeko erronka" izeneko eskutitzean, buruzagi jeltzaleak adierazi du bere jarduera profesionalera itzuliko dela, EAJn hamahiru urtez izan eta gero.

Hamahiru urte horietan egindakoa gainbegiratu ondoren, politika "gizarte-zerbitzutzat" jo izan duela beti esan du buruzagi jeltzaleak bere idatzian. "Horregatik, beti defenditu izan dut politikagintza sartu-irteneko esparru bezala", jarraitu du.

"Behin zerbitzua amaituz gero, normala alde egitea da, jarduera politikoan iraunarazi gabe. Honela baino ezin dakioke-eta eutsi klase politikoaren eta gizarte zibilaren arteko loturari, gaur egun horren beharrezko dugun loturari hain zuzen ere", gaineratu du.

"Zatiketak gure proiektua ahultzen du"

Zer dela-eta utziko duen politika idatziaren erdialdean azaldu du oraindik alderdi jeltzalearen burua denak. Hain zuzen ere, EAJk hiritarrei "zenbait unetan" erakutsi izan dizkien "arrazoibide anitzak", "zatiketa-itxurak" eta "larritasun-puntuak" euskal gizartea "noraezean" nahasi besterik ez dutela egiten eta "guk nahi dugun herrigintza bideratzeko behar diren gehiengo sozialak gureganatzeko ahalmena eragotzi" iritzi dio.

"Ezin dugu, inola ere, duela lau urteko lidergo-trantsizioak eragin zuen zatiketa berriro errepikatu, EAJk larrutik ordainduko luke-eta. (...) Guzti honengatik, hautagai ez izateko hartu dudan erabaki honek barne-prozesua erraztu eta gure aukera politikoa elkartu eta indartu baino ez du nahi", ziurtatu du Josu Jon Imazek.

Buruzagi jeltzalearen aburuz, EAJri dagokio gehienbat "euskal politikaren zubigilearena eta orekatzailearena egitea" eta, hortaz, alderdia "zatitzeak eta ahultzeak" zubigintza lan hori eragotziko luketela agertu du. "Benetan uste dut EAJren zatiketa-arriskuak nolabaiteko erradikalismoa eta ezegonkortasuna eragingo lituzkeela euskal politikagintzan", nabarmendu du.

Eskutitzaren amaieran, buruzagi jeltzaleak ziurtatu du Eusko Alderdi Jeltzalearen kohesioa "indartu" egingo dela, eta hori euskal gizarte osoarentzat "onuragarri" izango dela.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta