Politika

ELKARRIZKETA RADIO VITORIAN

"Astakeriatzat" jo ditu Azkarragak Imazen hitzak

2007/07/16

EBBko presidenteak atzo argitaratutako artikulua kritikatu du Justizia sailburuak. Azkarragaren ustez, Imazek "benda jarri du zauria egin aurretik" eta gizarteari bere alderdiaren arazoak helarazi dizkio.
Joseba Azkarraga. Argazkia: EiTB

argazkia handitu

Joseba Azkarraga. Argazkia: EiTB

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Lan sailburuaren ustez, Josu Jon Imaz EAJko EBBko presidenteak "izugarrizko astakeria" egin du herri-galdeketa egiteko une egokia dela zalantzan jarrita, izan ere, Azkarragaren esanetan, Imazen planteamenduak "benda zauria egin aurretik jartzea" dira.

Radio Vitorian egin dioten elkarrizketan Azkarragak kritikatu egin du Imazek atzo hainbat egunkaritan argitaratutako artikulua. Bertan azaldu zuenez, "zalantzagarria da norgehiagoka politikorako indar bilketako eszenatoki bezala planteatutako" herri galdeketa "eta, dudarik gabe", alderdi jeltzalearen "izpirituaren eta jarreraren letraren kontrakoa" da.

"Ez da igarlea izan behar herritarren ustezko borondatea errespetatu ez dela eta ETA hiltzen imajinatzeko. Ondorioa diabolikoa izan daiteke. Gure izenean ez", zioen Imazek.

Azkarragaren ustez, EAJko buruaren planteamenduak "benda zauria egin aurretik jartzea" suposatzen du, beraz, EBBko presidenteari errespetua agertuta, "astakeriatzat" jo du.

"Galdeketa egiten bada, ETAk galdeketa horren emaitzen arabera hilko du? Ez dakit nork idatzi dion artikulua Imaz jaunari edo berak zuzenean idatzi duen, baina izugarrizko astakeria iruditzen zait. Nire ustez, beste alderdi politiko batzuen baitan egiten diren hausnarketek merezi duten errespetutik, Imaz jauna bere alderdi barnean dituen arazoak ari zaizkie helarazten herritarrei", gehitu du.

Madrazo: "Hartutako konpromisoa da galdeketa"

Javier Madrazo Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak ere hartu du hizpide Imazen artikulua. Atzo Ser irrati-kateak egin zion elkarrizketa batean ziurtatu zuen Jaurlaritzak galdeketa deitu egingo duela, "hartutako konpromisoa" delako. Gainera, esan zuen erreferenduma deitzeak ez diola ETAri mesede egingo, erakundeak galdeketa "ez duelako nahi".

Madrazok adierazi zuen ez zaiola "beldurrik" izan behar erreferendumari, "demokrazian eta gizarte aurreratuetan sakontzeko" aukera delako. "Galdeketarik ez egitea izan beharko litzateke arraroena", nabarmendu zuen.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta