2007/07/15
Ondorengo egunetan zeresan ugari emango duen artikulua argitaratu du gaur Josu Jon Imazek. EEBko presidenteak ez du uste une egokian gaudenik herri galdeketa egiteko.
Imazek uste du alderdien arteko akordioa beharrezkoa dela erreferenduma egin aurretik eta ETAk galdeketa aprobetxatu dezakeela indarkeria justifikatzeko gaineratzen du.
Gogoan izan behar da Ibarretxek duela hilabete berretsi zuela, Eusko Legebiltzarraren aurrean, legegintzaldi honetan egingo zela EAEren etorkizunaren inguruko erreferenduma.
"No imponer, no impedir", izenburua darama Josu Jon Imazek hainbat egunkaritan argitaratu duen artikuluak. Testua irakurrita ondorio nagusia atera daiteke: EBBko presidenteak ez du uste egungoa momentu egokiena denik euskal gizartean herri galdeketa egiteko.
Erreferenduma deitzeko konpromisoa 2005eko ekainean sinatu zuten gobernu akordioan jaso zuten EAJk, EAk eta Ezker Batuak. Bertan esaten zen galdeketak alderdien arteko akordio politikoa babesteko balio behar zuela eta inolako bazterketarik gabe eta biolentziarik gabe egin behar zela.
Behin su-etena hautsita, baldintza horiek ezerezean gelditu direla eta kontsentsoa indarkeriaren aurka dauden alderdien artean baino ez dela posible uste du Josu Jon Imazek. Egoera honetan hauxe dio EBBko buruak: "Erreferendumari buruzko eztabaida inora eramango ez gaituen beste nahaste-borraste bat izan daiteke".
Imazek ez du egoki ikusten erreferenduma alderdi abertzaleek bakarrik planteatzea. Zentzu horretan dio: "Oso eztabaidagarria da herri-galdeketa indarren bilketaren eszenatoki bezala planteatzea konfrontazio politikorako, eta dudarik gabe, 2005eko urrian EAJk agertu zuen iritziaren izpiritu eta letraren kontrakoa da".
EBBko presidentearen esanetan, egoera horretan egindako erreferendum bat ETAk erabili dezake, beste su-eten bat iragarri eta, Estatuarekin akordio politikoa gauzatzen ez bada, berriro ere indargabetzeko. Ildo horretan Imazek dio: "Aken urte hauetan ikusitakoa kontuan izanda, ez da igarlea izan behar ETA hiltzen imajinatzeko, errespetatu ez den ustezko herri-borondate baten izenean. Horren guztiaren ondorioa diabolikoa izan daiteke. Gure izenean ez".
Irakurri artikulu osoa.
Euskadi Irratiko azken albistegia