2007/06/21
Euskadiko selekzioak garaipen ederra lortu du Venezuelaren kontra jokatu duen partidan, azken emaitzak, 3-4, horrenbesteko alderik erakusten ez duen arren. Lagun arteko partidak Amerikako Kopa prestatzeko balio izan die Venezuelako jokalariei.
Bi gol sartu ditu Etxeberriak, bat Adurizek eta beste bat Gabilondok. Hangoek hiru aldiz sareratu dute baloia, behin Torrealbak eta bi aldiz Arangok.
Euskal Herriko jokalariek hasieratik egin diote presioa Venezuelari. Hango selekzioak kikildu samar hasi du partida eta 8. minutuan gola sartu du Adurizek, Asier del Hornoren pase luze bati esker.
Venezuelak jokoa hobetu du minutuak aurrera joan ahala eta arriskua sortu du baina Euskadiko selekzioak arerioek hegaletan egin dituzten akatsak aprobetxatu ditu, venezuelarrak urduri jartzeko, bai Adurizek baita Etxeberriak ere ezusteko bat baino gehiago eman diete.
Gabilondok Etxeberriari egindako pase bati esker, 0-2ko emaitza jarri dute markagailuan 20. minutuan.
Venezuelako jokalariek gogor erantzun diote gol horri eta 27. minutuan etxekoen lehen gola sartu du Jose Buda Torrealbak, Iraizoz atezaina gaindituz.
Euskal selekzioak berehala sartu du 3. gola. Gabilondok ederki aprobetxatu du Vallenilla defentsak egindako akats bat.
Etxeberriak 1-4ko emaitza lortu du 37. minutuan, bere bigarren gola sartuz.
Lehen zatiaren amaieran liskarra izan da Edder Perezen eta Gaizka Garitanoren artean, eta bi taldeek 10na jokalarirekin ekin diote bigarren zatiari.
Richard Paez teknikoak 10 titular sartu ditu bigarren zatian, Juan Arango barne, partidaren ibilbidea aldatu nahian, eta ia-ia lortu du.
Josu Sarriegi baloia etxean sartzekotan egon da 50. minutuan, baina ez da azkenean horrelakorik izan.
30 minutu beranduago, baina, bi gol sartu ditu ia jarraian Arangok. Lehena penaltiz, 80. minutuan, Mikel Gonzalezek falta egin eta gero Vitali, eta bigarrena 87. minutuan errematez.
4. Euskadi: Gorka Iraizoz (83 m., Unai Alba); Mikel Gonzalez, Mikel Labaka (68 m., Fernando Amorebieta), Josu Sarriegi, Asier Del Horno (55 m., Andoni Iraola); Gaizka Garitano, Mikel Aranburu, Igor Gabilondo (52 m., Iñaki Muñoz), Aitor Tornavaca (46 m., Javier Garrido); Aritz Aduriz (65 m., Fernando Llorente) eta Joseba Etxeberria (60 m., Mikel Alonso).
3. Venezuela: Javier Toyo (30 m., Rafael Dudamel; 61 m., Renny Vega); Luis Vallenilla (46 m., Hector Gonzalez), Leonel Vielma, Oswaldo Vizcarrondo (46 m., Alejandro Cichero), Andres Rouga (46 m., Jorge Rojas); Pedro Fernandez (46 m., Luis Vera), Edder Perez, Alejandro Guerra (46 m., Ricardo David Paez) eta Nicolas Fedor (46 m., Miguel Mea Vitali); Daniel Arismendi (46 m., Giancarlo Maldonado; 75 m., Fernando De Ornelas) y Jose Torrealba (46 m., Juan Arango).
Golak:
0-1, 8 m.: Aduriz.
0-2, 20 m: Joseba Etxeberria.
1-2, 27 m: Jose Torrealba.
1-3, 29 m: Gabilondo.
1-4, 37 m: Joseba Etxeberria.
2-4, 80 m: Juan Arango, penaltiz.
3-4, 87 m: Juan Arango.
Azken lagunarteko partida duela 69 urte
Lagunarteko partida hori izan da Euskal Herriko selekzioak 69 urtean kanpoan jokatu duen lehena. Azkena, Espainiako Gerra Zibila bete-betean zela, Habanan, Kubako selekzioaren kontra, 1938ko ekainaren 20an (2006ean Kataluniaren kontrako zenbatu gabe). Euskaldunek 0-6 irabazi zuten.
Norgehiagoka Pueblo Nuevo de San Cristobal izeneko futbol-zelaian izan da eta Venezuelak Kopa Amerika txapelketa jokatu aurretik izango duen azken partida izan da. Orain arte lau garaipen lortu dituzte; Suedia (2-0), Cuba (3-1), Zelanda Berria (5-0) eta Honduras (2-1); berdinketa ba, Kanada (2-2) eta bi neurketa galdu dituzte: Txile (0-1) eta Mexiko (1-3).
1938 baino lehen jokatutako partidak
1938 La Habana, CUBA - EUSKADI, 0-6
1938 La Habana, CENTRO GALLEGO - EUSKADI, 0-2
1937 Mosku, SPARTAK MOSKU - EUSKADI, 6-3
1937 Mosku, DYNAMO MOSKU - EUSKADI, 4-6
1937 Mosku, DYNAMO MOSKU - EUSKADI, 1-4
1937 Mosku, LOKOMOTIV - EUSKADI, 1-5
1937 Katowice, POLONIA - EUSKADI, 4-5
1937 Praga, PRAGAKO SELEKZIOA - EUSKADI, 3-2
1937 Praga, TXEKIA - EUSKADI, 2-1
1937 Tolouse, RACING PARIS - EUSKADI, 3-3
1937 Marsella, RACING PARIS - EUSKADI, 2-5
1937 Marsella, OLYNPIQUE - EUSKADI, 1-5
1937 Paris, RACING PARIS - EUSKADI, 0-3
1930 Montjuic, CATALUNYA - EUSKADI, 0-1
Euskadi Irratiko azken albistegia