2007/06/08
Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagia atxilotu dute gaur goizean Donostian, eta Martuteneko espetxera eraman dute, Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko hirugarren aretoak hala aginduta.
Prentsaurreko batera zihoala hartu du atxilo Polizia Nazionalak, 12:00etan, Belartza industrigunean. Polizia-etxean izan ondoren, Martuteneko espetxera eraman dute, 13:00ak aldera, espetxeetako zuzendaritzatik Efe berri-agentziari adierazi diotenez.
Auzitegi Gorenak 15 hilabeteko espetxe-zigorra berretsi du Batasuneko kidearentzat, 2003ko abenduaren 21ean Jose Miguel Beñaran Argala ETAko kideari egindako omenaldian (haren heriotzaren 25. urteurrenean) terrorismoa goratzea leporatuta.
Auzitegi Gorenaren ebazpenaren berri izan bezain laster, Otegi espetxeratzeko agindua eman du Auzitegi Nazionalak. Gorenaren ebazpena fax bidez jaso du Auzitegi Nazionalak, eta berehala agindu du buruzagi abertzalea espetxeratzea. Otegiren kontra Auzitegi Nazionalak jarritako 15 hilabeteko zigor epaia aztertzen hasi zen atzo goi auzitegia, eta gaur eman du erabakiaren berri. Auzitegi Goreneko fiskaltzaren eta Jone Goirizelaia Otegiren defentsaren argudioak aztertuta, aho batez hartu du erabakia Gorenak.
Gaur kaleratutako epaiak hitzez hitz adierazten duenez, "Arnaldo Otegik ez du Konstituzioak jasotzen duen kasazio-errekurtsorik jartzerik forma urratu dela edo legea hautsi dela argudiatuta".
Jone Goirizelaia Otegirekin izan da arratsaldean
Ezker abertzaleko buruzagiak Martuteneko espetxe aurrean bildu dira arratsaldean eta Jone Goirizelaia abokatuak Arnaldo Otegirekin hitz egiteko aukera izan du. Irtetean, komunikabideei jakitera eman dienez, modulo arrunt batean sartu dute Batasuneko buruzagia, baldintza arruntetan.
Goirizelaiak salatu du Otegi espetxeratzea ez dela "erabaki juridikoa, erabaki politikoa baizik". Hala, PSOEren gobernuak "esku gogorra" erakutsi nahi duela adierazi du, "errepresioaren bidea" jorratu nahi duela, baina hori ez dela bidea berretsi du abokatuak, "errepresioak ez baitu inoiz ezer konpondu".
Azkenik, Anoetako proposamenak hor jarraitzen duela gogorarazi du eta "elkarrizketa politikoa inoiz baino garrantzitsuagoa" dela esan.
Euskal Herriko hiriburuetan kontzentrazioak egin dira iluntzean, Arnaldo Otegiren atxiloketa salatzeko.
Konstituzionalak kartzelatik atera dezake
Gaur ezagutu dena erabakia da, ez epaia, eta ez da jakitera eman noiz kaleratuko den epai osoa, hilabetak iraun baititzake idazketak. Otegiren abokatuek epaia egon arte itxaron beharra daukate errekurtsoa jartzeko Auzitegi Konstituzionalean. Konstituzionalak bertan behera utz dezake gaur berretsitako zigorra tramitera onartuz gero ezker abertzaleko buruzagiaren babes eskeko helegitea. Hori aurkezteko 30 egun izango ditu, epaia kaleratzen den momentutik hasita. Auzitegi Gorenak bertan behera utzi ohi ditu 5 urtez azpiko kartzela-zigorrak, babes eskeko helegitea tramitera onartzen duen kasuetan.
Dena dela, Auzitegi Kontituzionalak ezezkoa eman zion bere garaian Otegiren defentsari, Erregerari irain egiteagatik jarri zioten zigorragatik babes eskeko helegitea jarri nahi izan zuenean. Orain erabaki berbera har dezateke, baina berez, terrorismoa goraipatzearen delituak eta irain delituak ezaugarri ezberdinak dituzte. Hain zuzen ere, Jone Goirizelaia legebiltzarkide ohiak garatu duen defentsak horixe defendatu du, Otegiren parte-hartzea ideien adierazpen askatasunean eta parte-hartze politikoaren askatasunean kokatu behar dela.
Jasotako zigorrak eta zain dituen auziak
Gorenak zigorra berretsita, Otegik kontra duen bigarrena da gaurkoa, 2005ean urte bateko kartzelaldia ezarri baitzioten, Espainiako erregea iraintzeagatik.
Gainera, beste hiru auzi zain ditu buruzagi abertzaleak: bi terrorismoa goratzea egotzita, bat Anoetako proposamenaren harira eta, azkena, Garzon epaileak Batasunaren aurka abiatutakoa.
Euskadi Irratiko azken albistegia