Ekonomia

GATAZKA HEZKUNTZA ARLOAN

Greba Gipuzkoan: bi aldeek jarraipen "handia" izan dela esan dute

2007/05/15

Sindikatuek administrazioaren "egoskorkeria" salatu dute. Jaurlaritzak, bestalde, negoziatzeko prest dagoela berretsi du. Bihar Arabako langileak daude grebara deituta.

ELA, UGT, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek esandakoaren arabera, %70eko jarraipena izan du gaur Gipuzkoan egindako grebak. Hekuntza Sailarentzat, ordea, lanuzteak ez du horren oihartzun zabala izan. Hain zuzen ere, langileen %48k egin du greba Jaurlaritzaren ustez.

Halere, Gasteizko Gobernuak esan du grebak eragin maila handia izan duela.

Lau sindikatu horietako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute komunikabideen aurrean, Donostian manifestazioa egin aurretik. "Lan-baldintzak hobetu eta eskola publikoa sustatu" lelopean zeharkatu dituzte Gipuzkoako hiriburuko kaleak manifestariek.

Bertan, Gipuzkoan deitutako greba egunak jarraipen zabala izan duela ziurtatu dute, baita probintzia horretan dauden 160 ikastetxe publikoetan eragina izan duela esan ere.

Jon Moñuxek (STEE-EILAS), Mari Carmen Urteagak (LAB), Xabier Expositok (ELA) eta Luis Santisok (UGT) argi utzi dute mobilizazio honekin "Jaurlaritzako Hekuntza sailak erakutsitako egoskorkeria" salatu nahi dutela.

Era berean, CCOOk eta Tontxu Camposen sailak erdietsitako akordioa kritikatu dute, "urtarrilean eskainitako baldintza berdinak" jasotzen dituelako. Orduan ere, sindikatuek baldintza horiek errefusatu zituzten.

Negoziazioa

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak, bere aldetik, adierazi du grebak %48ko erantzuna izan duela eta 34 ikastetxe soilik itxi dituztela.

Pablo Larrauri Administrazio eta Zerbitzu sailbuordeak esan du grebaren eragina "handia" izan dela eta sektore horretako lan-baldintzak negoziatzeko prestutasuna agertu du.

Lehendakaritzan eskaini duen prentsaurrekoan adierazi duenez, ELAk, LABek, UGTk eta STEE-EILASek euren aldarrikapenak egiteko lanuzteak deitzea ez du ulertzen; izan ere, "lan-aldarrikapenak negoziazio mahaian argitu behar dira".

"Irakasleriaren zati batek uste du negoziatzen jarraitu behar dela, ez dagoela grebarako arrazoirik eta bai sindikatuek bai Hezkuntza Sailak akordioari bide eman behar diotela", nabarmendu du.

CCOOk aurreakordioa sinatu du

CCOO sindikatuak, ordea, ez du mobilizazioetan parte hartu, Hezkuntza Sailarekin aurreakordioa sinatu duelako. Hori dela eta, hilaren 24rako deituta zuen greba eguna bertan behera utzi du.

CCOOk jarrera "oztopatzailea" eta "boikotatzailea" izatea egotzi zien atzo gainerako sindikatuei. "Horrek eragotzi du aurreakordioa hobe izatea. Hala ere, pozik gaude lortutakoarekin", adierazi zuten.

Beste neurri batzuen artean, 59 urte baino zaharragoei bi lanordu murriztea hitzartu zuten.

Aurreakordioaren iragarpena zabaldu baino lehen, STEE-EILAS, LAB, ELA eta UGT sindikatuek ziurtatu zuten horretan ez dituztela bildu "sektoreak behar dituen neurriak", hau da, "langileen lan baldintzak hobetzea" eta "euskal eskola publikoa indartzea" ahalbidetuko duten neurriak.

Eskakizunak

Sindikatuek irakaskuntza publiko ez unibertsitarioaren sektorearen "alde" eta Eusko Jaurlaritzaren jarreraren "aurka" deitu zuten greba.

Beste gauza batzuen artean, lan baldintzak hobetzea, 55 urtetik gorako langileen lan-egunak murriztea eta ordezkapen beharrizanei aurre egiteko neurriak bilatzea eskatzen dute.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta