Politika

2007KO MAIATZEKO HAUTESKUNDEAK

ASren abokatuek babes helegiteak aurkeztu dituzte Konstituzionalean

2007/05/08

EAE-ANVk 20 eguneko epea du eta Konstituzionalak kasua aztertu bitartean, Auzitegi Gorenaren erabakia bertan behera uzteko eskatu dezake.

Auzitegi Gorenak baliogabetu zituen Abertzale Sozialisten 246 hautesle elkarteek babes eskeko helegiteak jarri dituzte gaur Auzitegi Konstituzionalean.

Plataforma horien helegiteak Jone Goirizelaia abokatu eta Batasuneko legebiltzarkide ohiak aurkeztu ditu. Ordubete baino gehiago behar izan du argumentu guztiak aurkezteko, beraz, litekeena da babes eskeko helegiteak oso luzeak izatea. Auzitegi Konstituzionalak osteguneko 00:00ak arteko epea du erabaki bat hartzeko, hau da, hauteskunde kanpaina hasi bitartekoa.

Eusko Abertzale Ekintzak (EAE-ANV) ez ditu oraindik bere helegiteak aurkeztu. Kasu horretan, 133 zerrenda baliogabetu zituen Auzitegi Gorenak Estatuko Fiskaltzak eta Abokatutzak hala eskatuta.

EAE-ANVren kasua

EAE-ANVren kasuan, Auzitegi Gorenak prozedimendua aldatu duenez, Hauteskunde Legetik Alderdien Legera igaroz, alderdiak 20 eguneko epea du bere helegiteak aurkezteko, ohiko prozedimendu batekin egiten baitu eta ez hauteskundeetako prozedimendutik. Dena dela, Eusko Abertzale Ekintzak gaur bertan aurkeztu nahi ditu bere errekurtsoak, Auzitegi Konstituzionalak kanpaina hasi aurretik har dezan erabakia.

Behin EAE-ANVk bere helegiteak aurkezten dituenean, Konstituzionalak ez luke berez eperik izango kasuaren inguruko ebazpena emateko, baina auzitegiko iturriek jakitera eman dutenez, EAE-ANVk gaur edo bihar aurkezten baditu bere helegiteak Konstituzionalak kanpaina hasi aurretik hartuko du erabakia.

Gorenaren ebazpena behin-behinean bertan behera uzteko eskaria

Kasu horretan, babes helegitearen inguruko erabaki bat hartu bitartean, ANVren zerrenda batzuk baliogabetu zituen Auzitegi Gorenaren ebazpena behin-behinean suspenditzeko edo bertan behera uzteko eskatu dezake defentsak.

Konstituzionalak baiezkoa emanez gero eskari horri, beste hainbat aukera irekiko lirateke; horien artean, gerta liteke alderdia zerrenda guztiekin joatea hauteskundeetara baina gero, Auzitegi Konstituzionalak Gorenaren erabakia berresten badu, inpugnatutakoak baliogabe geratzea azkenean.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta