Politika

EUSKADI IRRATIAN ELKARRIZKETATUA

Otegi: "Beldur handia diete ezker abertzalearen emaitzei"

2007/05/03

Zerrenden kontra egiteak argi erakutsi du Espainiako Gobenuaren "borondate politikoa", buruzagi abertzalearen aburuz. Hauteskunde "ez demokratikoak" izateak prozesua zailduko duela azpimarratu du, gainera.

Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak agertu duenez, ASB eta ANV-EAE alderdiak legez kanpoko jotzeko prozesuak argi utzi du Espainiako Gobernuaren "jarrera eta borondate politikoa". Are, "baldintza berdintasunik gabeko" egoera hori ezker abertzaleak hauteskundeetan lor dezakeen emaitzei "beldur handia" diotelako gertatu da, Otegiren aburuz.

Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean, Espainaiko Gobernuak ezker abertzalearen "emaitza onik" nahi ez duela azpimarratu du, argudiatu duenez, "horrek gatazkaren giltza ziurtatzen du eta hori ez dute nahi batzuek zein besteek". Honako galdera hau ere bota du: "Ezker abertzaleak hauteskundeetan egoterik ez badu, zer argudiorekin defendatuko du ezker abertzaleak prozesu demokratikoa? Ez du argudiorik. Ezker abertzaleak hauteskundeetan egoterik ez badu, agerikoa da ez dutela prozesu demokratikorik nahi".

Segidan, ASBren eta ANV-EAEren zerrendekin gertatutakoa aztertu du Otegik: "Esan ziguten Alderdien Legea bete behar genuela, guk bete eta atzera bota nahi dute ASB. Gero zioten indarkeria gaitzetsita ez zela arazorik egongo eta ANVk hala egin du baina zerrendak inpugnatuko dituztela diote orain". Horrek agerian utzi du "datu politiko garrantzitsua", buruzagi abertzalearen ustetan, "argudiorik ez duenak edo posizio politiko ahulak dituenak gezurrak esaten dituela"; "aitzakia merkeak darabiltzate", erantsi du.

Ezker abertzaleak hauteskundeetan izaterik ez badu bake-prozesuak aurrera egiteko modurik izango ote duen galdetuta, "egoera zaildu" egingo dela esan du Otegik. "Ezker abertzaleari egiten zaion eraso horri eusten bazaio, gauzak ez daude ondo eta ezin da aurrera egin", erantsi du.

Arnaldo Otegik ez du argitu ANV-EAEren hautagaitzen aldeko botoa eskatuko ote duten eta ASBren aldeko "apustua" berretsi du: "Gure apustua ASB da eta ez dugu atzera botako borroka hori", azpimarratu du.

"Bidea denon artean egin behar dugu"

Batasunak "proposamen politikoa" egin duela eta gainerako indarrek "ezetz" esan diotela azpimarratu du Otegik. Horren aurrean, eta akordio politikoa errazteko bidean urrats gehiago emateko prest ote dauden galdetuta, "denok" gauza gehiago egin dezaketela onartu du Otegik; zehaztapena egin du, ordea: "Hainbat urrats onartu dizkigute: Anoeta, su-etena... Nik ez daukat beraien urrats bat bera ere baloratzeko: Ertzaintzaren jokabidea? PSOEren bat ba al dago?". Argudiatu duenez, "prozesu honi ezin zaio baten urratsekin bakarrik eutsi. Bidea denon artean egin behar dugu".

Horren ildoan, ETAri begiratu behar ez zaiola azpimarratu du buruzagi abertzaleak, "alderdi politikoak bihar bertan bil gaitezke eta bakea lortzeko akordioa lor dezakegu", argudiatu du.

Azkenik, Batasuna ETAren morrontzan ez dagoela berretsi du Otegik. Horren aurrean, EAJren eta PSOEren jarrerak kritikatu ditu: "Esan dezakegu lasai asko PSOE ez dagoela Estatuaren morrontzan. Estatua da eta bere proiektua inposatzen dio herri honi, hori da bere jarrera. EAJrena ez dakigu zein den baina gero eta argiago geratzen ari da, PSOErekin lerrokatuz".

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta