Politika

UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK

'Abertzale Sozialisten' zerrenda guztiak inpugnatu ditu Fiskaltzak

2007/05/03

253 zerrenden aurka egin du: 'Abertzale Sozialistak' izeneko guztien eta zazpi plataforma independenteren kontra. Abokatutzak ere gauza bera eskatuko du. ANVren 80 zerrenda baino gehiago ere inpugnatuko dituzte.

Estatuko Fiskaltzak Abertzale Sozialistak izenarekin aurkeztutako hautes zerrenda guztiak (246) baliorik gabe uzteko eskatu dio Auzitegi Goreneko 61. Salari bart, 00:00ak igarota, "Batasunaren buruen eskutik jaio direlako eta legez kanpoko erakunde horrek eta haren buruek publikoki bultzatu, antolatu eta animatu dituztelako", haren ustetan. Era berean, beste zazpi herri-plataforma independenteren kontra ere egin du.

Candido Conde-Pumpido Estatuko fiskalburuak atzo prentsaurrekoan azaldu zuenez, 'Abertzale Sozialistak' izenarekin Nafarroako Parlamenturako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako, EAEko eta Nafarroako udalerrietarako eta Trebiñuko Konderriraji aurkeztutako hautes elkarteak legez kanpo uzteko galdegin diote Gorenari.

Inpugnatutako gainerako zazpi zerrenda independenteak Gipuzkoan (bi) eta Nafarroan (lau) aurkeztu dituzte. Aipatu hautagai elkarte guztiek HB, EH eta Batasuna legez kanpo utzitako alderdiak ordezkatzeko eratu direla dio Fiskaltzak.

Estatuko Abokatuak ere gaur eskatuko dio Auzitegi Gorenari 'Abertzale Sozialistak' izena daramaten zerrenda guztiak baliorik gabe uzteko.

Horrez gain, Justizia Ministerioak atzo jakinarazi zuenez, Estatuko Abokatuak beste zazpi herri-plataforma ere ('Abertzale Sozialista' izena ez dutenak) inpugnatuko ditu, bost Nafarroan (Iruñerriko Batzordean) eta bi Gipuzkoan (Tolosaldeko Batzordean).

ANV-Eusko Abertzale Ekintzari dagokionez, Candido Conde-Pumpidok ez du argitu Fiskaltzak zenbat zerrendaren aurka egingo duen, baina atzo aurreratu zuenez, 80 baino gehiago izango dira. ANVren zerrendak baliogabetzeko eskaerak gaur aurkeztuko dituzte. Guztira 256 zerrenda aurkeztu ditu ANVk.

Estatuko Abokatuaren argudioak

Estatuko Abokatuaren arabera, ASren hautes zerrenden aurka egiteko arrazoietako bat da "Batasuna konplexuaren estrategiaren baitako" herri-plataformak direla. Batasunak, "legez kanpo egon arren, Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren ebazpenak eta Alderdi Politikoen Legea urratu ditu".

Estatuko Abokatuaren esanetan, "estrategia hori agerian uzten duten Batasunaren hainbat jarduera existitzen dira". Jarduera horiek apirilaren 3tik aurrera eman ziren, Estatuko Abokatuak eta Fiskaltzak Auzitegi Gorenari Abertzale Sozialisten Batasuna alderdi berria erroldatzea ekiditeko galdegin ostean.

Estatuko Abokatuaren beste argudio bat: "Hautagai elkarteen eraketa, dinamizazioa eta zuzendaritza Batasunak burutu du". Hori ondorioztatu dute Estatuko Segurtasunerako Indarrek egindako polizia-txostenak eta hedabideetan argitaratutako berriak irakurrita.

Alabaina, legez kanpo utzitako Batasuneko buruzagiek egindako "jarduerak" eta "adierazpenak" hartu dituzte batez ere kontuan, zerrendak baliogabetzea eskatzeko.

Estatuko Abokatuaren hirugarren argudioa: "Abertzale Sozialistak zerrendetako hautagaien eta legez kanpo utzitako erakundeen artean hainbat lotune antzeman ditugu". Hautagai asko aurreko hauteskundeetan legez kanporatutako erakundeetako kandidatuak edo hautetsiak izan direla azpimarratu du Estatuko Abokatuak.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta