DEIADAR MENDIEN EGUNA

500 lagun baino gehiago izan dira Sollubeko igoeran

2007/04/28

"Mugikorra eta Internet ditugu egun, baina bizirik eutsi behar diogu herritarrak euren kezkei buruz eztabaidatzeko Gernikara deitzeko tradizioari" esan du Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak.
Deiadar Mendien Eguna Solluben

argazkia handitu

Deiadar Mendien Eguna Solluben

500 lagun baino gehiagok erantzun diete gaur Bizkaiko Batzar Nagusiek Deiadar Mendien Eguna ospatzeko egin duten deiari. Aurtengoan Sollubera igo dira.

Foru instituzioak ohar bidez azaldu duenez, martxa goizean goiz hasi da Bermeoko Taraska plazatik. Bertan osatu da Sollube gainera igo den mendizale taldea. Demiku auzotik eta Mundakako Katillotxu mendik pasata igo dira Sollubera.

Gainera iritsitakoan, Bermeoko dantza-taldeak hainbat pieza eskaini ditu, eta ondoren, Bermeoko 707 Mendi Taldeak Ana Madariaga Batzar Nagusietako presidenteari adar instituzionala eman dio. Hark, berriz, Tabira taldeko presidenteari eman dio, talde horrek antolatuko baitu datorren urteko Deiadar Mendien Eguna, Oiz mendian (Durangaldea).

"Tradizioa berreskuratu"

Madariagak biziki eskertu du jendearen presentzia eta Batzar Nagusiek "bost deiadar mendietatik egiten zen Batzarrerako Deia berreskuratzeko" duten interesa nabarmendu du. "Mugikorra eta Internet ditugu egun, baina bizirik eutsi behar diogu herritarrak euren kezkei buruz eztabaidatzeko Gernikara deitzeko tradizioari" esan du Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak.

Ekitaldian izan dira, besteak beste Jose Ramon Orue, Jose Ferrera, Aizbea Atela eta Xabier Legarreta batzarkideak eta adarra joz amaitu da, mendizaleak taloa eta txakoliña hartzen zuten bitartean.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta