2007/04/20
Euskaltzaindiak Etxalarren gaur egin duen osoko bilkuran, Sagrario Aleman eta Joseba Lakarra euskaltzain urgazleak proposatu dira, 27. eta 28. zenbaki-hutsarteak betetzeko.
Akademiako iturriek jakinarazi dutenez, 27. zenbaki-hutsartea betetzeko, Sagrario Aleman euskaltzain urgazlea proposatu dute Patxi Zabaleta, Patxi Salaberri eta Andres Iñigo euskaltzain osoek; 28. zenbaki-hutsartea betetzeko, berriz, Joseba Lakarra euskaltzain urgazlea proposatu dute Jose Antonio Arana Martija, Xabier Kintana eta Jose Luis Lizundia euskaltzain osoek.
Sagrario Aleman Astiz Etxalekun (Nafarroa) jaio zen, 1952ko martxoaren 5ean. Farmazian lizentziatua da, Madrilgo Unibertsitate Konplutensean.
Nafarroako alfabetatze eta euskalduntze mugimenduan ezinbesteko erreferentzia da Aleman. 1972an hasi zen lanean helduen euskalduntzean. 1981-82 ikasturtetik aurrera Arturo Campion euskaltegian dihardu, bertako zuzendaria delarik 1982. urtetik. Bestalde, didaktikan ere dihardu, euskaltegian bertan, beste lankide zenbaitekin.
Joseba Lakarra Andrinua Arratzun (Bizkaia) jaio zen, 1962ko urtarrilaren 1ean. Euskal Filologian lizentziatua (EHU, 1983), 1994an doktore maila lortu zuen, Koldo Mitxelenak eta Joakin Gorrotxategik zuzendutako "XVIII. Mendeko Hiztegigintzaren Etorkiez" izeneko tesiarekin. 1996an, Doktoregoko Sari Berezia jaso zuen.
2005eko abuztutik aurrera Euskararen Historia eta Euskararen Gramatika Historikoaren katedraduna da, EHUko Filologia eta Geografia-Historia Fakultatean. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailean dihardu. Bere ikerketa-lerro nagusia dira Euskararen historia eta historiaurrea eta Euskal testu zaharren edizio eta analisia.
Euskadi Irratiko azken albistegia