Gizartea

70. URTEURRENA

Durangoko bonbardaketari buruzko dokumentala aurkeztu dute

2007/03/23

Durango, martxoak 31. Isildutako bonbardaketa dokumentalak aurreko uneak birsortu ditu antzezpenen bidez. Dokumentala apirilaren 1ean emitituko dute ETB-1n.
Durango, martxoak 31. Isildutako bonbardaketa dokumentalaren irudia

argazkia handitu

Durango, martxoak 31. Isildutako bonbardaketa dokumentalaren irudia

Aurten 70 urte dira hegazkin faxistek Durango bonbardatu zutela. 1937ko martxoaren 31an, harridura eta izuaren artean, erasoa jasan zutenei buruzko ikus-entzunezkoa aurkeztu dute gaur Bizkaiko hiri honetan bertan. Tragedia hartatik bizirik atera ziren zortzi pertsonen sentimenduekin eta orduko irudi odoltsuenekin osatu dute Durango, martxoak 31. Isildutako bonbardaketa dokumentala.

Digytal Audiovisuales enpresak, Durangoko udaletxeak eta EiTBk ekoiztu dute, eta apirilean izango da ikusgai Euskal Telebistan, hilaren 1ean ETB-1en eta 5ean ETB-2n. 1937ko martxoaren 31n, Europako populazio zibilaren aurka inoiz egindako lehen aire-bonbardaketa jasan zuen Durangok. Eraso mota horren eragina neurtzeko asmoz egindako esperimentua izan zen; herri osoa suntsitu eta makina bat errugaberen heriotza ekarri zuen.

Egun gutxi geroago Gernikaren aurka egindakoak baino hildako gehiago utzi zituen eraso hark. Durango, ostera, ez zen izugarrikeria unibertsalaren kronika beltzean sartu, bertan ez baitzen George L. Steer bezalako nazioarteko kronistarik egon, ezta herriaren samina irudikatuko zuen pintorerik ere. Historiak ez zuen, beraz, neurri berarekin neurtu bi herrien sufrikarioa, eta horrek areagotu egin zuen hamarkadetan zehar Durangoko biktimen samina itoarazi izuen isiltasun-mantua.

Zer sentitu zuten auzokideek etxebizitzetako teilatuak amilduta eta elizak txikituta ikusi zituztenean? Zelan berreskuratu zuten etxeak berreraikitzeko behar zuten adorea? Zelako eragina izan du bizirik iraun zutenen bizitzan egun haren oroimenak?

Dokumentalak bonbardaketaren aurreko uneak birsortu ditu, antzezpenen bidez, Durangon denbora gelditu zen zorigaiztoko egun hartara eramanez: Pazko Asteazken hartan herria zelan itzarri zen irudikatu dute, kanpaiak mezatarako deia egiten ari zirela, haurrak jolasean, miliziar eta gudariak herria zaintzen, eliz mutila arineketan berandu ez heltzeko… Uribarriko Andre Mariaren parrokia ere ikusten da, fededunez beterik, bonba bat aldare gainean jaustear zela abadeak kontsagrazio egiteko zain.

Durango, martxoak 31. Isildutako bonbardaketa dokumentalean, antzezpenen tentsioa filmoteketatik berreskuratutako garai hartako propagandako irudiekin tartekatzen da, tamaina horretako erasoa bizi eta haren berri eman dezaketen auzokideen testigantzekin batera. Durangoko eraikinetan dirauten aztarnak ikusten dira.

Makina bat oztopo gaindituz, 70 urteotan ezarritako isiltasuna apurtu duten ikertzaileen testigantza jaso dute; zoritxarrez hain ezaguna zaigun Condor Legioaren aginduetara Italiano Aviazione Legionarik izan zuen partehartzea argitara atera dute pertsona horiek.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta