Politika

EPAIKETA AUZITEGI NAZIONALEAN

Libre geratu da Otegi, Fiskaltzak akusazioa atzera bota eta gero

2007/03/21

Horrela amaitu da egun "berezi" hau. Goizean ez agertzeagatik atxilotu eta hegazkinez eraman dute Madrilera. Azkenean, Fiskaltzaren erabakiak epaiketa bertan behera utzi du, beste alde akusatzailerik ez baitzegoen.

Fiskaltzak atzera bota du Otegiren kontrako akusazioa eta berea zenez akusazio bakarra, absolbituta geratu da ezker abertzaleko buruzagia. Horrela amaitu da egun "berezi" honetako kronika.

Ezker abertzaleko buruzagia 20:15 aldera hasi da deklaratzen epailearen aurrean. 19:45 aldera iritsi da Auzitegi Nazionalera polizia-markarik ez zuen lur orotariko ibilgailu gris batean, beste bi autok eskoltatuta, eta garagetik sartu dute auzitegira.

Aurrez, arratsaldean, atxilotu egin du Guardia Zibilak bere etxean, Elgoibarren. Auzitegi Nazionalak agindu du atxilotzeko, gaur goizean deklaratzera agertu ez denean.

16:45 aldera, Guardia Zibilaren bost ibilgailu iritsi dira Elgoibarko Santa Ana kaleko 5. zenbakira, Otegiren etxebizitzara, eta bertan atxilotu dute. Une horretan bertan zen Joseba Permach Batasuneko kidea ere. Permachekin batera, Otegiren lagun eta ingurukoek bere aldeko oihuak egin dituzte Guardia Zibilak atxilo hartu duenean.

Hasiera batean helikopteroz eramateko asmoa bazuten ere, denboralearen ondorioz, helikopteroek ezin zuten hegan egin, eta horregatik, Sondikara eraman dute. Bertatik 18:30 aldera atera da Madrilera bidean, Estatuko Segurtasun Indarren hegazkin batean eta 19:30 aldera iritsi da Espainiako hiriburura.

Goizean, 10:30ean, deklaratzekoa zen berez, hasiera batean, baina ez zela agertuko ikusita, 18:00ak arte atzeratu du bista epaileak eta Otegi atxilotzeko agindu du. Atxiloketa ordua kontuan izanda ezinezkoa zenez ordu horretan Madrilen izatea, saio berezia habilitatu dute Auzitegi Nazionalean, 19:00etatik 24:00etara, Batasuneko buruzagia epaitzeko. Azkenean, bertan behera geratu da epaiketa Fiskaltzak akusazioa erretiratzea erabaki duenean.

Goizean gertatu den guztia

Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 4. Sekzioak Olaia Castresana ETAko kidearen omenezko ekitaldian esandakoengatik terrorismoa goraipatzea leporatzen dio Arnaldo Otegiri eta gaur 10:30ean zen hastekoa bere kontrako epaiketa. Dena dela, denboralea dela eta, Madrilera bidean, Burgos aldean, harrapatuta geratu dela Otegi jakinarazi dio defentsak epaimahairi. Jone Goirizelaiak azaldu duenez, hegazkinez heldu da bera Madrilera; Otegi, berriz, 04:00etan atera da Donostiatik epaiketara garaiz heltzeko. Euskal Herria eta Meseta astintzen ari diren denboralearen ondorioz, baina, errepidean harrapatuta geratu da. Goirizelaiak esan duenez, epaiketan lekuko gisa jardun behar zuten lagunak ere ez dira Madrilera heldu, baina "Badirudi epaimahaiak ez duela sinisten eguraldi txarra dagoenik".

Hasiera batean, epaimahaiak 16:30 arteko epea eman dio Otegiri Auzitegi Nazionalean agertzeko, kosta ahala kosta, gaur egin nahi baitu saioa. Baina Madrilera bidean aurrera egin ezin zuela eta, Batasuneko bozeramailea Elgoibarrera bueltatu da. Gauzak horrela, 14:45ean, Auzitegi Nazionalak Arnaldo Otegi atxilotzeko agindua eman du "justifikaziorik gabe" epaitegian agertu ez delako eta "errepideak itxita daudela ofizialki jasota" ez dagoelako.

Izan ere, Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalari igorri dion txostenaren arabera, "ez dago errepiderik itxita ibilgailuen zirkulaziorako". Burgos-Madril eta Gasteiz-Madril errepideetako zenbait puntu kamioientzako soilik daude itxita, Guardia Zibilaren esanetan.

Horretaz gainera, epaimahaiak Jone Gorizelaiari gogoratu dio Otegirekin batera proposatutako lekukoak ere agertu behar zirela epailearen aurrean. Lekuko horiek ere Altubeko mendatean harrapatuta geratu dira elurraren ondorioz.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta