Politika

ZIGORRA ARINDU DIOTE

De Juanak ospitalean beteko du zigorra lehenengo, eta etxean, ondoren

2007/03/01

De Juana sistema telematikoa erabilita kontrolatuko dute uneoro, eta behin alta jasota, espetxearen -Martutenek izango du bere ardura- baimena beharko du etxetik irteteko.

Iñaki de Juana Chaosek Euskal Herrian beteko du zigorra, Espainiako Gobernuak hala erabakita. Preso donostiarra Doce de Octubre erietxetik atera dute gaur goizean eta arratsaldean iritsi da Donostia Ospitalera.

Preso donostiarra etxera eramango dute, eta han beteko du zigorra, poliziaren zaintzapean, baina aurretik ospitalean ingresatu dute, bere osasun-egoera larri dela eta. 10:00etan irten da Madrilgo ospitaletik, anbulantzia batean -beste hiru lagun daude anbulantzia horretan-, eta sei ordu geroago, 16:00etan, Donostia Ospitalera heldu da.

"Iñaki Askatu!" oihuekin hartu dute presoa Donostiako Ospitalaren kanpoko aldean bildu direnek. Ertzaintzako hainbat autok babestuta iritsi da preso donostiarra zeraman anbulantzia, 16:00etan.

Donostiako Martutene espetxeak izango du presoaren ardura. Hain justu, kartzela donostiarreko arduradunek erabakiko dituzte presoaren baldintzak. Herrizaingo Saila Martuteneko espetxeko zuzendariarekin harremanetan jarri da gaur goizean, Iñaki de Juana presoari ezarritako zaintza erregimenaz informazioa eskatzeko, Espetxe Zuzendaritza Nagusiak hartutako erabakiaren ostean presoaldi arindu egoeran baitago orain. Sailak zaintza-erregimen horren inguruko informazioa idatziz jasotzea eskatu du, bisitak jasotzeko aukeraz eta horien ordutegiaz zein presoak egun duen egoeraren inguruko beste edozein baldintzaz.

Bigarren gradua

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroa talde parlamentarioetako ordezkariekin bildu da albistea publiko egin eta berehala, 100dik gora eguneko baraualdia bete duen presoaren ingurukoak azaltzeko. Albiste agentziek aurreratu dutenez, bigarren gradua emango diotela adierazi die Rubalcabak taldeei.

Ondoren, Kongresuan eman ditu azalpenak. Rubalcabak bere gain hartu du ETAko presoari espetxealdia arintzearen erabakia, "arrazoi legal eta humanitarioak" argudiatuta. Rubalcabaren hitzetan, mediku-txostenen arabera, "aste eskasen buruan" hil daiteke presoa, dagoeneko 115 egun baitaramatza gose-greban.

Barne ministroak azaldu duenez, bigarren gradua ezarri diote presoari, espetxe araudiaren 100.2 artikulua oinarri hartuta. Horren arabera, zigorra arintzeko modua ematen zaio presoari. De Juanaren kasuan, Euskal Herriko erietxe batera (Donostia Ospitalea) eramango dute eta han beteko du zigorra; ondoren, etxean, Poliziaren zaintzapean izango da.

Barne ministroak nabarmendu duenez, berea da erabakia (ez Espetxe Zuzendaritzarena), eta Fiskaltzaren, Auzitegi Nazionalaren Espetxe Zaintzarako epailearen eta PP ez beste talde parlamentarioen oniritzia du.

Zaintza telematikoa

De Juana sistema telematikoa erabilita kontrolatuko dute uneoro, eta behin alta jasota, espetxearen -Martutenek izango du bere ardura- baimena beharko du etxetik irteteko, Madrilgo VI Espetxe Zentroko Tratamendu Batzordeak onartutako ebazpenaren arabera.

Preso donostiarrak Donostia Ospitalean ingresatuta jarraitzen duen bitartean, zerbitzu medikuen etengabeko zaintzapean izango da, "eta beharrezkoak diren segurtasun kontrolak egingo zaizkio".

Alta jasotzen duenean, De Juana etxera bidaliko dute, "etengabeko kontrol telematikoarekin". Etxetik ateratzekotan, aurrena baimena jaso beharko luke. Preso donostiarra etxean denean, medikuek astero egingo dituzte txostenak. Tratamendu Batzordearen ebazpenak jasotzen duenez, De Juanaren "osasun-egoerak hobera egin ahala beste kontrol eta segurtasun neurri batzuk ezarriko dira".

Zigor arindua berretsi dute

Hainbat komunikabidek filtratutako albistea konfirmatu da, horrenbestez: datozen orduetan, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak Iñaki de Juana Chaos lehenbailehen etxeratzeko agindua emango zuela eman zuten jakitera komunikabide horiek.

10:00 baino piskat lehenago ezagutu da albistea: De Juanak Doce de Octubre utzi du, anbulantzia batean. Dena den, etxera baino, hasieran behintzat, Euskal Herriko ospitale batera, Donostia Ospitalera, eramango dute, presoaren osasun-egoera kontuan hartuta.

Presoaren osasun-egoera oso larria delako hartu du erabakia Barne Ministerioak. Hain zuzen ere, 115 egun bete ditu gaur gose-greban preso donostiarrak. De Juanak preso prebentibo izateari utzi (otsailaren 12an hiru urteko espetxe-zigorra ezarri zion Auzitegi Gorenak, ANko zigor eskaera jaitsita) ondoren, Espetxe Zuzendaritzari, alegia, Madirlgo gobernuari, zegokion zigorrareni inguruan erabakitzea.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta