Politika

115 EGUN GOSE-GREBAN

De Juana lehenbailehen etxeratzeko eskatuko du Barne Ministerioak

2007/03/01

Datozen orduetan emango dute Espetxeetako Zuzendaritzaren erabakiaren berri. Gaur gose-greban 115 egun bete ditu De Juanak eta presoaren osasun egoera oso larria delako hartu omen dute erabaki hau.

Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak Iñaki de Juana Chaos lehenbailehen etxeratzeko agindua emango du datozen orduetan, hainbat egunkarik jakitera eman dutenez. Hortaz, zigorra etxean beteko du presoak, Poliziaren zaintzapean.

Dena den, etxera baino, hasieran behintzat, Euskal Herriko ospitale batera eramango dute, presoaren osasun egoera kontuan hartuta.

Presoaren osasun egoera oso larria delako hartu du erabaki hau Barne Ministerioak zuzentzen duen Espetxeetako Zuzendaritzak.

Hain zuzen ere, 115 egun beteko ditu gaur bertan gose-greban preso donostiarrak. Une honetan, Madrilgo Doce de Octubre ospitalean dago.

De Juanaren egoera aldatu egingo da preso prebentibo izan beharrean, dagoeneko zigortuta dagoelako, Auzitegi Gorenak iragan otsailaren 12an hiru urteko espetxe zigorra ezarri ondoren, mehatxu delitua egotzita. Auzitegi Nazionalak lehenago jarri zion 12 urte eta zazpi hilabeteko sententzia jaitsi egin zion, beraz.

Auzitegi Gorenak sententzia jakinarazi ondoren, presoari buruzko erabakia Tratamendu Batzordeari dagokio; berau, Espetxe Zuzendaritzaren bidez (Aranjuezeko espetxean zegoen De Juana), Barne Ministerioaren menpe dago.

Tratamendu proposamena Espetxe Zuzendaritzak aztertu behar ditu eta De Juanari ezartzen dizkioten baldintzak erabaki.

Gaur datu gehiago jakin aurretik, zalantza batzuk daude; garrantzitsuena, Iñaki De Juana Chaosek berak nola erantzungo duen, izan ere, sarritan esan du ez duela gose-greba utziko aske uzten dutenera arte.

Hala ere, Alvaro Reizabal bere abokatuak, iragan otsailaren 12an Gorenaren erabakiaren berri izan bezain laster, esan zuen, baldintzak aldatzean, egoera berria aztertu behar zela.

Auzitegi Gorenak, Gara egunkarian idatzitako bi artikuluengatik De Juanari ezarritako zigorra murriztea erabaki zuen. Hasiera batean 12 urte eta zazpi hilabeteko kartzela-zigorra eskatu bazuten ere, geroago hiru urtera murriztea pentsatu zuten.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta