Politika

IÑAKI DE JUANA CHAOS AUZIA

De Juanak gose-greban jarraitzen du, 100 egun ondoren

2007/02/14

Iñaki de Juanak Alvaro Reizabal abokatuaren bisita izan du arratsaldean, eta honek esan duenez, Gorenaren epaiaren berri izan ostean, presoa pozago dago, baina gose-grebarekin jarraituko du "Euskal Herrira itzuli arte".

Iñaki de Juana Chaos euskal presoak gose grebarekin jarraitzea erabaki du Auzitegi Nazionalak ezarri zion 12 urte eta 7 hilabeteko espetxe-zigorra Auzitegi Gorenak 3 urtera jaitsi duela jakin eta gero. Gainera, hirugarren gradua aplikatu arren ez duela protesta utziko adierazi du. De Juanak 100 egun bete ditu gaur bere borondatez janaririk ahoratu gabe.

Alvaro Reizabal abokatuak Iñaki de Juana bisitatu zuen atzo arratsaldean eta Auzitegi Gorenak astelehenean emandako epaiaren nondik norakoak azaldu dizkio. Reizabalek esan duenez, egoera larrian ikusi du presoa, eskuak eta hankak lotuta dituela, baina "pozago dago" kartela-zigorra 12 urtetik 3ra jaitsi diotela jakin duenetik. Hala eta guztiz ere, gose-grebari eutsiko dio "Euskal Herrian aske egon arte".

Iñaki De Juana Chaosen abokatuak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan gogoratu du presoak orain arte beti agertu duela aske uzten ez badute ez diola gose-grebari utziko. Dena den, elkarrizketaren unean Madrilera bidean zihoan, De Juana ikustera, eta Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondoren presoarekin hitz egin gabe zegoela agertu du, beraz, ezin zezakeela baieztatu asmo berari eusten dionik.

Horrez gain, hirugarren gradua ematen badiote ere ez duela greba utziko argi esan du Reizabalek, ETAko kideek ez dituztelako espetxeko klasifikazio horiek onartzen.

Hala ere, abokatu gisa, pozik agertu da Auzitegi Gorenak espetxe zigorra hiru urtera jaitsi duelako, kontuan hartuta hasierako eskaria 96 urtekoa zela eta gero 12 urte eta zazpi hilabetekoa ezarri ziotela.

Auzitegi Konstituzionalera joko dute

Espetxe Zuzendaritzak orain har dezakeen erabakiari dagokienez, esan du, besteak beste, De Juanaren osasun egoera kontuan izanda, askatzea edo baldintzapeko askatasuna ezartzea erabaki lezakeela zigorraren zenbat denbora bete duen kalkulatuta. Horren harira, argi agertu du De Juanak ez duela hirugarren gradurik onartuko.

Konstituzio Auzitegira joko dutela esan du, gainera, izan ere, haren hitzetan, ez dute onartzen artikuluetan mehatxu deliturik edo terrorismoaren goraipamenik dagoenik eta auzitegi horrek zigorra eten lezakeela uste du Reizabalek, sei urtetik beherakoa dekako.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta