2007/02/13
Auzitegi Nazionalak 12 urte eta zazpi hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zion Iñaki de Juana Chaos ETAko presoari Gara egunkarian idatzi zituen bi iritzi-artikulutan mehatxu terroristak egitea egotzita. Auzitegi Gorenak, berriz, zigorra hiru urtera jaistea ebatzi zuen atzo iluntzean.
Gorenak terroristak ez diren mehatxuak eta terrorismoa goraipatzea leporatu dio De Juanari. Epaia irmoa da eta, hori horrela, orain Espetxe Zuzendaritza Nagusiaren esku, hots, Espainiako Gobernuaren esku dago De Juanaren gaineko erabaki bat edo beste hartzea. Behin-behineko espetxealdian bi urte egin dituenez, litekeena da etxean betetzea zigorra.
Horrenbestez, De Juanaren defentsak aurkeztutako errekurtsoa partzialki onartu zuen Gorenak. Arestian esan bezala, eta Zigor Kodearen 170.1 artikulua aintzat hartuta, hiru urteko espetxealdia ezarri zioten, terroristak ez diren mehatxuak eta indarkeria goraipatzea leporatuta.
Gai hau albiste nagusi izan dute gaur Euskal Herriko eta Estatuko egunkari nagusiek. Horrez gain, The Times egunkari britainiarrak albiste nagusienen artean jarri du auzia.
Autoa datozen egunetan ezagutaraziko dute
Efe albiste-agentziak iturri judizialak aipatuta zabaldu duenez, Gorenaren Zigor-arloko Sala osatzen duten 13 epaileek bozketa bat baino gehiago egin zituzten "zaila" izan zen bilkuran. Epaile batzuek absoluzioaren alde egin zuten bitartean, beste batzuk 96 urteko espetxe-zigorra ezartzearen alde agertu ziren.
Epaiaren berri atzo eman arren, egun batzuk igaro arte ez dituzte ezagutaraziko ebazpenaren arrazoiak zeintzuk izan diren.
Fiskaltzak eskatu zuena baino zigor txikiagoa ezarri zion azkenean Gorenak De Juanari. Izan ere, Fiskaltzak Auzitegi Gorenak erabakitako zigorra mantentzea eskatu zuen, baina, aldi berean, lau urteko kartzela-zigorra ezartzea onartuko zuela adierazi zuen, De Juanak mehatxuak eta indarkeria goraipatu zuela ebatziz gero.
AVT
Bestalde, Francisco Jose Alcaraz Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) presidenteak esan zuen atzokoa egun "oso tristea" zela "biktimen oroimenaren eta duintasunaren alde" lan egiten dutenentzat. Gorenaren erabakia ETAren aurrean "errendizio prozesua nahi dutenek soilik" hartu dutela pozik esan zuen.
AVT elkarteak Iñaki de Juanaren espetxe-zigorra 96 urtera handitzea eskatzen zion Auzitegi Gorenari.
Bien bitartean, De Juanak gose-grebari eusten dio Madrilgo 12 de Octubre Ospitalean. Dagoeneko 99 egun bete ditu ezer jan gabe.
Euskadi Irratiko azken albistegia