Politika

OSOKO BILKURA

De Juanaren zigorra "neurriz kanpokoa" dela salatu du Legebiltzarrak

2007/02/10

EHAKren proposamenari hirukoak egindako zuzenketa onartu dute, Aralarren aldeko botoarekin eta EHAK-k zuri bozkatuta. Presoa libre ez uzteko "inputazioak eraiki" izana salatu du Legebiltzarrak.

Iñaki de Juana Chaos ETAko presoa lehenbailehen kartzelatik ateratzeko EHAK-k aurkeztutako proposamenari hirukoak (EAJ, EA eta EB) aurkeztutako zuzenketa onartu zuen atzo Eusko Legebiltzarrak. Testuak Aralarren babesa izan zuen eta EHAK abstenitu egin zen. Dokumentuaren aldeko 33 boto eta kontrako 32 izan dira (PSErenak eta PPrenak).

Horrenbestez, Gara egunkarian idatzitako bi iritzi-artikulurengatik ezarritako zigorra "neurriz kanpokoa" dela salatu du Legebiltzarrak.

Onartutako testuak "preso dauden lagunen eskubideekiko errespetua" agertzen du, "batez ere gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenenak". Horrez gain, "bere iritzia" emateagatik zigortu dutela eta libre ez uzteko "inputazioak eraiki" dituztela salatzen du.

Gai horren inguruan EHAK-k eta Aralarrek aurkeztutako ekimenak baztertu egin zituen Legebiltzarrak. Biotan presoa berehalakoan aske uztea eskatzen zuten taldeek.

Inkomunikazio epeari azkena emateko eskatu dute

Bestalde, hirukoa osatzen duten taldeen (EAJ, EA eta EB), EHAKren eta Aralarren botoei esker, azken horrek inkomunikazio epeari amaiera emateko egindako proposamena onartu zuen Osoko Bilkurak. Zehazki, "Prozedura Kriminalerako Legea aldatzeko" eskaria egingo zaie Estatuko gorteei "terrorismoarekin zerikusia duten lagunei ezarritako inkomunikazio garaia bertan behera gera dadin".

PSEk eta PPk kontra bozkatu zuten. Aralarren proposamena ez da berria, iaz eztabaidatu baitzen. Orduko hartan, baina, ez zuen aurrera ateratzerik izan, EHAK-ko bost legebiltzarkideak ganberan ez zeudelako eta parlamentari sozialista batzuek bozkatzean huts egin zutelako (beste proposamen bat bozkatzen ari zirela uste izan zuten). Oraingoan, beraz, saio garai berria izanik, berriz eztabaidatu da afera.

Aralarren ekimenean jasotzen denez, "pertsona bat atxilotuta, atxikita eta inkomunikatuta dagoenean bermatu behar dira batez ere giza eskubideak". Hain justu, "tratu txar eta tortura kasuak egon daitezkeela eta, alarma soziala" dagoela azpimarratzen du testuak.

Horrez gain, "atxilotuta eta inkomunikazio egoeran dagoen pertsonari egindako grabazioa guardiako epailearen, defentsaren eta akusazioaren esku egon behar du uneoro", ageri da testuan. Horrenbestez, inkomunikazio sasoiari azkena emateko eskatzen du, horretarako Prozedura Kriminalerako Legearen bi artikulu aldatuta.

EHAKren ilegalizazioaren eztabaida, atzeratuta

EHAK legez kanpokotzat jotzeko proposamena ere atzorako zegoen iragarrita, Alderdi Popularraren ekimenez. Popularrek, baina, atzeratu egin behar izan zuten eztabaida, Carlos Urquijo bozeramailea gaixorik jarri baitzen (bera zen ekimen hori defendatu behar zuena). Hori horrela, beste saio batean eztabaidatuko dute ekimena.

Inkomunikazioaren eztabaidan parte hartzeko modua izan zuen Urquijok baina txarto jarri zen handik gutxira.

Hurrengo osokoan, gainera, AHTren kontrako erasoak gaitzesteko proposamena izango dute hizpide legebiltzarkideek.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta