2007/02/06
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Iñaki De Juana Chaosi zigorra arintzeko eskaera berretsi du gaur. Fernando Burgos fiskalak txosten bat igorri dio Auzitegi Nazionalaren Zigor-arloko Salari, De Juanaren egoeraren inguruan erabakia hartzeko modua egokia izan ez zela esanez.
Hain zuzen, erabakia Zigor-arloko osoko bilkurak hartu izana kritikatzen du, bere ustez Auzitegi Nazionaleko lehen sekzioak ebatzi behar zuelako euskal presoari zigorra arindu edo ez. Izan ere, tribunal horrek epaitu zuen De Juana, eta ondorioz, berari zegokion erabaki bat edo beste hartzea.
Horretaz gainera, fiskalak dio De Juanaren abokatuak ez zuela aukera legalik izan magistraturen bati uko egiteko osoko bilkuraren deialdia "ezustean" egin zelako.
Fiskaltzak De Juana kartzelan mantentzeko ebazpena kritikatu arren, ez du errekurtsorik aurkeztuko Zigor-arloko epaile guztien artean hartuta erabakiaren aurrean.
Burgos fiskalak bere jarrerari eusten dio, alegia De Juana etxean, poliziak zainduta, egotea agintzea. Zigor-arloko Salak hartu erabakia errespetatzen duela esan du, baina gogoratu du "neurriak" hartu beharko direla presoa hil ez dadin. De Juanak 92 egun bete ditu gose-greban.
Euskadi Irratiko azken albistegia