2007/02/06
Enrique Molina fiskala behin betiko ondorioak irakurtzen hasi da 18/98 sumarioaren epaiketaren gaurko bistan.
Fiskalak dagoeneko iragarri du Joxemi Zumalabe atalean auzipetutako Pepe Uruñuela abokatuaren aurkako akusazioa atzera botako duela.
Horrez gain, delitu ekonomikoengatik auzipetuentzako ere zigor-eskaera txikiagoak egingo dituela iragarri du. Hala ere, Uruñuela ez beste guztien aurkako akusazioei eutsiko diela esan du.
Gainera, 53 auzipetuei ezarritako zigorra ia erdira murriztu du, baina, horietako bati hasieran eskatutako zigorra luzatu dio.
17 hilabeteko epaiketa luze honen ondorioz, (Audientzia Nazionalean ospatutako epaiketa luzeena), Molinak hasieran hartutako erabakia aldatu du eta hainbat zigor eskaera murriztu ditu.
Eskaerak
Zehazki, fiskalak 51 urtetik 13 urtera jaitsi du Xabier Alegriaren zigorra. Honi, makrosumarioan inputatuta dauden taldeen eta ETAren arteko bitartekari izatea egotzi zioten.
Hain zuzen ere, integrazio delitua eta erregistro fiskalen kontabilitatea faltsutzea leporatzen diote, baita, kaudimen-gabezia zigorgarria ere.
Hasiera batean, ordea, integrazioa, Gizarte Segurantzaren kontrako lau delitu, Ogasun Publikoaren kontrako beste lau eta kontabilitatea nahiz dokumentuak faltsutzea egotzi zioten.
Bestalde, Jose Luis Elkoro HBko Mahai Nazionaleko kide ohiaren eta Francisco Murga Oraineko kontseilari ohiaren kartzela-zigorrak ere murriztu dituzte, 48 urtetik 19ra. Azken hauei, ETAri laguntza ematea, gizarte segurantzaren kontrako bi delitu, faltsutze delitu bat eta kaudimen-gabezia zigorgarria leporatu diete.
Orain, integrazio delitua eta Ogasun Publikoaren kontrako zenbait delitu kendu dizkiete.
Txema Matanzas abokatuari 15 urtetik 9ra murriztu dizkiote espetxe urteak eta Jose Antonio Etxebarria legebiltzarkide ohiari 19tik 13ra.
Maria Teresa Mendiburu AEJko zuzendari ohiari ere kartzela eskaera jaitsi diote 14 urtetik 11ra eta Elena Beloki Xakiko kide ohiari 15etik 9ra.
Eriganeko administratzailea zen Javier Oteroren kasuan, 16 urtetik 11ra murriztu dute zigorra, Pablo Gorostiaga HBko parlamentari ohiari 16tik 11ra eta Carlos Trenor Donostiako HBko zinegotzi ohiari 19tik 11ra.
Era berean, Olatz Altuna Joxemi Zumalabe Fundazioko kideari 10 urtetik 7ra jaitsi diote eta Juan Pablo Dieguez Gomezi, Jose Antonio Diezi, Oiakua Roblesi, Marta Perezi, Inmaculada Berriozabali, Mario Subyaga eta Alberto Frias Gili ere honen zigor berdina ezarri diete.
Orain, 18/98 sumarioko auzipetuek egiteke dauden ahozko epaiketetara ez aurkezteko aukera dute.
Hasietako eskaera 1.100 urtekoa zen
Enrique Molinak hasieran 1.100 urteko espetxe zigorra eskatu zuen 53 auzipetuentzat ETAren sarea osatzen dutelakoan.
Gaur goizean proba dokumentalei ekin diete berriz ere, eta kontrolatutako telefono deiak entzuten aritu dira.
Javier Zaragoza Auzitegi Nazionaleko fiskal burua komunikabideen arreta berriz bereganatu duen bista horretan dago. Epaiketa azken txanpan sartu da.
Fiskalak ondorioak irakurri ondoren, akusazioak eta defentsak ekingo diote lan berari. Baliteke azken txanpa honetako bistak martxora arte luzatzea.
Euskadi Irratiko azken albistegia