2007/02/05
Euskal Herriko biztanleek euskal nortasunaz eta kulturaz duten iritzi eta jarrerak aztertzen dituen lana osatu dute Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Kultur Erakundeak: Euskal Nortasuna eta Kultura XXI. mendean.
Bi urte eta erdi behar izan dituzte lana egiteko. Ia 4.000 pertsonari egindako inkestak eta zazpiri egindako elkarrizketa luzek osatzen dute azterketa.
Herritarrek Euskal Herriaz duten ideiari dagokionez, bi jarrera dira nabarmentzekoak: bata, Euskal Herria zazpi lurraldeek osatzen dutela dioena %30a da; eta beste horrenbeste dira Euskal Autonomia Erkidegoak bakarrik osatzen duela diotenak.
Ikuspuntu ezberdinen gainetik Euskal Herriaren kontzeptua elkarrizketatu guztiengan antzeman dutela azpimarratu dute. Txostena aurkezteko Donostian prentsaurrekoa eskaini dute Javier Retegui presidenteak eta Iñaki Martinez de Luna Eusko Ikaskuntzako bazkidea eta proiektuaren arduradun teknikoak.
Lanaren ondorioetan, azpimarratzekoa da baita ere, euskaltasunaren elementuen artetik euskara dela erreferente nagusia. Goraipatu, gaitzetsi edo indiferentzia adierazi arren, hizkuntza diskurtso guztietan egon da presente.
Lanaren arduradunen arabera, ikerketak agerian utzi du kultura pizgarri bat dela euskal nortasun eta gizartearentzat.
Bestalde, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa euskal kultura eta identitatea garatzeko oztopoa dela diote. Aurrera begira, berriz, erronka bat jarri du mahai gainean Eusko Ikaskuntzak: globalizazioari uko egin gabe, euskal nortasunari eusten jakitea.
Euskadi Irratiko azken albistegia