2007/02/05
The Times egunkariaren On Line bertsioak Iñaki De Juana Chaos, 91 egun gose-greban daramatzan presoari egindako elkarrizketa dakar gaur lehen orrian.
"Hiru hilabetez jan gabe egon ondoren hilzorian den ETA euskal talde separatistako kideak bakea lortzeko elkarrizketari heltzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari" esaldiarekin hasten du erreportajea Time On Line -k.
Bigarren gose greba hasi zuenetik (lehenengoan 63 egun egin zituen) ematen duen lehen elkarrizketan, Iñaki de Juanak dio "erabateko babesa" ematen diola bake-prozesuari. "Erabat ados nago elkarrizketa eta negoziazio prozesuarekin, Euskal Herria Frantzia eta Espainiako estatuekin aurrez aurre jartzen duen gatazka politikoa konpontzeko".
"Barajaseko atentatuaren ondoren inoiz baino beharrezkoagoa da gatazka konpontzea" erantzun dio ETAko presoak idatziz, Thomas Catan Madrilen dagoen The Timeseko kazetariari.
Espainiako Gobernuarentzat De Juanaren protesta "hazten ari den amesgaizto politikoa da" dio Times On Linek. Egun edo hilabete batzuetan hil daitekeela nabarmenduz, kazetariak dio Zapaterok 2004tik izan duen krisirik handiena izan daitekeela.
De Juanaren kasu Bobby Sandsenarekin alderatu eta gero (1981ean hil zen gose-greban), Times Espainiako Gobernuak hartu beharreko jarreraren inguruko ondoko hausnarketa egiten du: "Hiltzen bada, De Juana martiri bihur liteke euskal mugimendu independistarentzako. Batzuek uste dute horrek bonba-kanpaina berri bat justifikatuko lukeela (…). Baino Gobernuak epaia etxean betetzen uzten badio, epaile batzuek proposatu duten bezala, horrek Eskuinaren kexa orokorra sor dezake, udal-hauteskunde garrantzitsuetarako hiru hilabete besterik falta ez direnean.
"Ez dut gose-greba utziko epai murrizketa bategatik" dio De Juanak, "Alternatiba onargarri bakarra erabateko askatasuna eta prozesu legal honek nabarmen uzten duen adierazpen askatasunarekiko erasoa bertan behera geratzea da".
Euskadi Irratiko azken albistegia