2007/01/31
Iñaki de Juana Chaosek gose-greban 86 egun bate dituen honetan euskal idazle talde baten bisita jaso du Madrileko 12 de Octubre Ospitalean. Idazleek salatu dutenez, onartezina da pertsona bat "hitza erabiltzeagatik" epaitua eta zigortua izatea. Estatu espainiarrean demokraziak eta adierazpen askatasunak arazo larria dutela esan dute.
Laura Mintegik adierazi duenez, De Juanak uste du bere kontra ezarri duten "teoria" onartezina dela "ikuspuntu juridikotik nahiz humanotik". Presoaren esanetan, jada "ateak zabalik daude" aipatu teoria aurrerantzean edonori ezartzeko.
Fito Rodriguez idazlearen iritziz epaileek idazlea nor den hartu dute kontuan, eta ez idazkiaren edukia. De Juanaren artikuluetan esaten dena beste kazetari, idazle edo herritar batek idatzi izan balu "ziur aski ez litzateke inolako arazorik sortuko".
"De Juanarekin ados egon edo ez, argi dagoena da hemen ez direla bi artikulu epaitzen ari", erantsi du Mintegik.
Auzitegi Nazionalak De Juanaren zigorra ez arintzea erabaki zuela eta, Mintegik esan du presoaren ustez ebazpen horren atzean "legea bera gainditzen duen asmo politikoa" dagoela.
Mintegik esan du "salbuespen egoera" garbi baten aurrean gaudela. Izan ere, hiru epaile De Juana kaleratzearen alde zeudela publiko egin ostean Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salak osoko bilkura deitu eta presoari zigorra ez arintzea erabaki zuen. Alegia, osoko bilkura egin izan ez balitz, De Juana etxean egongo litzateke orain.
Askatasuna berreskuratu artean ez du jango
Mintegik nabarmendu du De Juanaren kasua ez dela eskubide urraketa bat soilik, fisikoki ere haren kontra ari direlako. Ildo horretan, presoa "eskuak eta hankak lotuta, indarrez elikatzen dutela ikustea izugarria" dela azpimarratu du. "Sinesgaitza egiten zaigu legeren batek hau bermatzea", gaineratu du.
Bestalde, Mintegik jakinarazi duenez, De Juanak ez du gose-greba uzteko asmorik. Areago, azken muturreraino eramateko prest dago. "Askatasuna berreskuratu eta etxean egon artea ez jateko erabakia hartuta dauka", azaldu du.
Azkenik, De Juana ezkorra da Auzitegi Gorenak bere kasuaren gainean hartu dezakeen erabakiaren aurrean. Izan ere, Gorenaren ebazpena bere kontrakoa izango dela uste du, hots, Auzitegi Nazionalak esandakoa berretsiko duela.
Euskadi Irratiko azken albistegia