Politika

80 EGUN GOSE-GREBAN

De Juanak egoera berean jarraitzea erabaki du ANk

2007/01/25

Gehiengoaren babesarekin (12 boto alde eta 4 aurka) hartu dute zigorra ez leuntzeko erabakia. Hain justu, De Juanaren auzia ebatzi behar zuten epaileak izan dira zigorra arintzearen alde agertu direnak.

Iñaki de Juana Chaosek egoera berean jarraituko du, Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko 16 epailek hala erabakita. Gehiengoaren babesarekin (12 boto alde eta 4 aurka) hartu dute erabakia, eta, horrenbestez, gaur 80 eguneko baraualdia bete duen presoak egoera berean jarraituko du.

Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salako 16 epaile ordubetez izan dira bilduta. 11:30ean jakin da erabakia: De Juanak behin-behineko espetxealdian eta erietxean ingresatuta jarraituko du, zigorra arintzearen aurkako 12 boto eta aldeko 4 jasota. Hain justu, De Juanaren auzia ebatzi behar zuten epaileak izan dira zigorra arintzearen alde agertu direnak.

Zigorra arintzearen alde bozkatu duten lau magistratuek boto partikularra iragarri dute. Hain justu, lau horietatik hiru (Manuela Fernandez Prado, Angel Hurtado eta Carmen Paloma Gonzalez Pastor) De Juana mehatxuengatik epaitu eta zigortu zuten epaileak dira. Laugarrena Clara Bayarre magistratua da.

Osoko Bilkuran hartutako epaian, Iñaki de Juana Chaos "behin-behineko eta fidantzarik gabeko espetxealdian jarraitzea" erabakitzen da eta egun ingresatuta dagoen ospitalearen esku uzten dute presoari "beharrezko tratamendua" ematea eta, "behar izanez gero, derrigorrez elikatzen jarraitzea, aurretik ebatzitako ebazpenetan agintzen den moduan".

Zigor Salaren arabera, euskal presoaren egungo egoera berak "libreki eta bere borondatez" eragindakoa da, eta, beraz, "ez da jazo behin-behineko espetxealdia aldatzeko bestelako gertakaririk".

Hasiera batean hiru epailek hartu behar zuten erabakia

De Juanaren auzia epaitu zuten hiru epaileei zegokien preso donostiarraren zigorra leuntzeko erabakia hartzea, baina Alfonso Guevara hirugarren sekzioko presidenteak Zigor-arloko epaile guztiek erabakitzea eskatu zuen, auziaren garrantzia argudiatuta. Guevararen eskaera aintzat hartuta, Zigor-arloko Salak, gaur goizean, ostegunero egiten duen osoko bilkuran, jorratu du gaia.

Fiskalaren eskaera ez dute aintzat hartu

Auzitegi Nazionalak Espainiako Fiskaltzari eta AVTri iritzia eskatu zien atzo, orain dela hilabete batzuk De Juana epaitu zuenean Fiskaltza eta AVT epaiketan parte izan zirelako.

Fernando Burgos Auzitegi Nazionaleko fiskalak De Juana etxean giltzapetzea eskatu zuen atzo. Hain justu, preso donostiarra etxera eramatea eta, poliziaren zaintzapean, espetxealdia han betetzea eskatu zuen. Presoak azaroan abiatu eta gaurdaino luzatu duen gose-grebak izan ditzakeen ondorio larriak direla eta hartu zuen erabakia. De Juanaren "bizitza zaintzeko" baina aldi berean presoak ihes egitea ekiditeko poliziaren zaintzapean egotea galdegin zuen fiskalak. Espetxealdia leuntzeko neurriak beste zenbait kasutan ere hartu izan ditu Auzitegiak, hiesak jota oso larri zeuden presoekin, berbarako.

De Juanak erietxean edo espetxean jarraitzen badu eta preso donostiarra hirugarrenez elikatzera behartuz gero, hiltzeko edo ondorio sendaezinak izateko arrisku handia duela gogoratu zuen atzo Fiskaltzak, medikuen txostenak aintzat hartuta. Izan ere, De Juana zaintzen ari diren Madrilgo Doce de Octubre erietxeko medikuek ohartarazi dutenez, hiltzeko edo sendabiderik ez duen gaitzen bat izateko arriskua dago epe ertainera.

Akusazio partikularra den AVT elkartea, berriz, presoari ezarritako zigorra arinduko duen edozein neurri hartzearen aurka agertu zen eta De Juanaren defentsak presoa aske uzteko eskatu zuen, giza arrazoiak argudiatuta.

12 urteko zigorra

Iñaki de Juana euskal presoak 80. eguna egingo du gaur gose geban. Lehen gose greba abuztuaren 7an hasi zuen De Juanak, eta 63 egun egin zituen, urriaren 9ra arte. Urrian epaitu eta 12 urteko espetxe zigorra ezarri zioten bi iritzi artikulu idazteagatik, mehatxu terroristak egotzita. Erabakia jakin ondoren, azaroan, hasi zuen gaurdaino luzatzen ari den bigarren baraualdia. Azaroaren 24an Madrilgo Doce de Octubrera eraman zuten. Abenduaren 12an De Juana derrigorrez elikatzen hasi ziren. De Juanak hirugarrenez ekin dio gose greba bati, 90ko hamarkadan ere protesta modu horri ekin zion, eta giltzurrun batean kalteak izan zituen.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta