Politika

BESTE KASU BATZUETAKO NEURRIAK

Verari eta Galindori 3. gradua eman zioten, bizia arriskuan ez zuten arren

2007/01/25

Rafael Verari 2006an ezarri zioten neurri hori, Gorenak, 2004an, zazpi urteko espetxe zigorra jarri ondoren. Rodriguez Galindok hirugarren gradua lortu zuen ezarritako 75 urteetatik espetxean lau igaro ondoren.

Iñaki De Juana Chaos euskal presoaren egoerak iritzi kontrajarriak sortu ditu presoaren etorkizunari buruz erabaki behar duten epaileen artean baina baita alderdi politikoen artean ere. Alderdi Popularra agertu da De Juanari zigorra arintzearen aurka.

Ez da preso bati antzeko neurria ezartzen zaion lehen aldia, izan ere, azken urteetan, Rafael Vera Segurtasunerako Estatu idazkari ohiari eta Enrique Rodriguez Galindo jeneral ohiari hirugarren gradua ezarri diote, euren biziak arriskuan egon ez arren.

Vera

Espetxe Zuzendaritza Nagusiak Rafael Verari hirugarren gradua ematea erabaki zuen 2006ko abuztuan.

Rafael Vera Segovian zegoen preso eta neurri hori ezarri baino hilabete batzuk lehenago, erregimen berezia zuen. Hala, astean sei egunez espetxetik irteteko baimena zuen, baina lo, kartzelan egin behar zuen. Presoaren mugimenduak kontrolatzeko sistema telematikoa zuten kartzelako arduradunek.

Hirugarren graduarekin, baina, egun zehatz batzuetan baino ez da espetxera joan behar.

2005eko otsailetik zegoen kartzelan Vera eta 2006ko ekainean erregimen berezia eman zioten "depresioak jota" zegoela aintzat hartuta.

Felipe Gonzalez gobernuburu zen sasoian Segurtasunerako Estatu idazkari ohiari zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten diru publikoak bidegabe erabiltzea egotzita.

Galindo

Bestalde, Jose Luis Castro Espetxeratuen Zaintzako Auzitegi Nazionaleko epaileak hirugarren gradua edo erregimen irekia ezarri zion iragan 2005eko urtarrilaren 5ean Enrique Rodriguez Galindo jeneral ohiari. 1983an Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta hiltzeaz akusatu eta 75 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Galindori.

Galindok bigarren gradua zuen eta etxean giltzapetuta zegoen, osasun-arazoak tarteko. Haren abokatuak, baina, helegitea jarri zuen eta Jose Luis Castro epaileak onetsi egin zuen. Horrenbestez, erregimen irekia ezarri zioten.

Epaiak zioen ezin zirela ahaztu Galindori leporatu zitzaizkion delituak (Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta hiltzeagatik 75 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten). Halere, epaileak gaineratu zuen "zuzenbide penalak aplikazio humanistikoa" izan behar duela, eta epaitzerakoan arau juridikoak ezarri behar diren arren, espetxe zuzenbidea haratago doala.

Osasun-egoera

Epaiaren arabera, Galindoren osasun-egoera kontuan hartu behar da eskatutako hirugarren graduari baiezkoa edo ezezkoa emateko. Galindok orduan agertutako mediku-txostenaren arabera, hainbatetan eraman zuten erietxera, azkenekoz Zaragozan, 2004ko abenduaren 22an.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2010
Eskubide guztiak erreserbatuta