2007/01/17
Gipuzkoako Foru Aldundiak "Gipuzkoa mundi" dibulgaziozko bost liburukiko aldizkaria aurkeztu berri du. Munduan barrena sakabanatuta dauden gipuzkoarren ondorengoek Gipuzkoako pertsonaia ezagunen (20 bat bildu dituzte) berri izatea du xede argitalpen berriak.
Fernando Tapia Gizarte eta Instituzioekiko Harremanetarako foru diputatuak, Agustin Arostegi Kanpo harremanetarako zuzendari nagusiak eta Jose Ramon Zubimendi bildumaren arduradunak aurkeztu dute.
Bost liburukitan, Gipuzkoako 20 pertsonaia ezagunen datu eta ibilbidearen berri emango dute. Ignazio Loiolakoa, Manuel Larramendi, Pio Baroja, Elvira Zipitria, Bernardo Atxaga eta Juan Sebastian pertsonaien bizitzaren nondik norakoak bildu dituzte, besteak beste. Horrez gain, "pertsonaia kolektibo" batzuen nondik norakoak batu dituzte, hala nola, itsasoko gizonak, kooperatibaren mundua edota Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra.
Foru Aldundiak 110.000 euro bideratu ditu ekimenera eta liburuki bakoitzeko 500 ale kaleratu. Aldizkariok 80 herrialdetako 200 bat euskal etxetan banatuko dituzte, eta hala, euskal etxe bakoitzak bizpahiru gida izango ditu, kontsultagai.
Argitarapenok hilean behin kaleratuko dituzte eta horri esker, "euren arbasoen sustraien berri izango dute diasporako lagunak; kulturalki, geografikoki eta linguistikoki nahikoa urrun baitaude gugandik", azaldu du Zubimendik.
Giden edukia "dibulgatiboa" da. Hala, biografiez eta argazki "piloaz" gain, Interneterako loturak daude, datu gehiago bildu nahi izanez gero.
Euskadi Irratiko azken albistegia