2006/08/04
Gorka Agirreren alde plataformak salatu duenez, EAJren EBBko kidea ETAri laguntzea egozten dion sumarioaren eduki gehiago zabaldu dira komunikabideetan, aurrez izandako filtrazioei jarraiki.
Plataformak nabarmendu duenez, Agirreren abokatuek salaketak jarri dituzte Madrilgo epaitegietan eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian Baltasar Garzon Auzitegi Nazionalaren kontra "86/98 sumarioko eginbideak behin eta berriz filtratu direlako". Salaketak gorabehera, "filtrazioek bere horretan diraute".
Horren ildoan azaldu dutenez, "uztailaren 31ean, hainbat komunikabidek Baltasar Garzon epaileak hartutako ustezko erabaki baten berri eman zuten": 30.000 eurotik 12.000ra murriztu zion bermea Gorka Agirreri.
Gorka Agirreren alde plataformak nabarmendu duenez, baina, burukidearen abokatuek "ez dute Auzitegi Nazionalaren Instrukzioko 5. Epaitegiaren ebazpenik jaso, ezta jeltzaleari ezarritako badaezpadako neurrien harira aurkeztutako errekurtsoaren inguruko argibiderik ere".
Plataformaren iritzian, hau guztia "burla eta absurdoa da. Badirudi errekurtsoa zatika onartu duela epaileak, ihes egiteko arriskua gutxitu dela argudiatuta. Gorka Agirrek ez du inoiz deliturik egin eta haren alde sinatu dugun 6.000 lagunok honakoa galdetzen dugu: Noiz izan da ihes egiteko arrisku hori?".
Euskadi Irratiko azken albistegia