2006/08/01
Fidel Castrok, Elisabet II.a Erreginaren ondotik Mendebaldean boterean denbora gehien daraman pertsonak, 80 urte beteko ditu abuztuaren 13an.
Kubako iraultzaren historia, bere data garrantzitsuenak eta lorpenik handienak erabat lotuta daude Castrorekin. Gutxik pentsatuko zuten bere garaian Galiziatik Kubara bizibide bila joandako haren semeak, Biranetik, Kubako inguru pobreenetako batetik, horrelako jauzia emango zuela. Kuba AEBekin aurrez aurre jartzera eraman du Castrok, izan ere.
"Gure garaiko idealista handienetako" gisa definitu izan du, adibidez, bere lagun Gabriel Garcia Marquezek. Fidel Castrok lagun adina "etsai" ditu. Izaera indartsu eta erabakitzailedun gizona izaki, bere ingurukoek diotenez, oso present ditu oraindik jesuitekin ikasitako garaian jasotako ikasbideak eta gaitasun harrigarria du aukerak aprobetxatzeko eta porrotak arrakasta bihurtzeko.
Castrok eredu berezia sortu du irlan, "komunismo karibetarra" eta bera da Estatu Kontseiluen eta Ministro Kontseiluen burua, Indar Armatuen komandante burua eta Alderdi Komunistaren lehen idazkaria.
Moncadako asaltoa, bere "lehen garaipen morala"
Moncadako asaltoa, Kubako Santiagon, 1953an, izan zen iraultzaren hasiera eta matxinoen lehen "garaipen morala". Orduan egin zen ezagun Fidel Castro mundu guztian.
Kubatar askoren buruan orain dela 47 urteko irudi bat dago oraindik ere garbi-garbi: 1959ko urtarrilaren 8an Habanan sartu zen Castro, garaile gisa. Bi uso zeramatzan sorbaldan, eta erlijio afrokubatarra horren garrantzitsua den herrialde batean, usoen agerpena Orishen (jainko afrokubatarrak) seinale gisa interpretatu zuten bizilagunek eta horrek Fidelen "zortea"ren inguruko mitoa zabaldu zuen.
Izan ere, zorte ikaragarria eta babes neurri handiak behar izan ditu Kubako buruzagiak azken 50 urteetan jasan dituen 600 atentatuetatik onik ateratzeko.
"Ezkutuko" ohiturak
Gainera, Castrok oraindik ere mantendu egiten ditu ezkutuko borrokan aritu zen garaiko ohiturak. Bere joan-etorriak sekretuak dira, baita nazioartera egiten dituen bidaiak ere eta inork ez daki segurtasun osoz, non bizi den. Zurrumurruen arabera, gauero toki ezberdin batean egiten du lo, bere etsaiek topa ez dezaten.
Horregatik, ez da harritzekoa, bere desplazamenduetarako erabiltzen dituen hiru mercedes beltzak (eskoltarekin) Habanan, goizalderen batean, batera edo bestera mugitzen ikustea.
Berak aitortuta, jakina da, baita ere, armatuta doala eta jada adineko pertsona izanda ere, oraindik ez omen du apunteriarik galdu. 2004ko urrian eroriko ikusgarria izan ondoren "puntx" pixkat galdu omen du eskuin eskuan, baina ezkerra hor daukala gogoratzen du.
Bere familia, sekreturik handienetakoa
Bere bizitza pribatuaren gaineko hermetismoak denetariko zurrumurruak sortu izan ditu, bai bere osasunaren inguruan baita bere familiaren inguruan ere. Fidel Castroren familia-bizitza gai sekretua da Kuban. Orain dela urte gutxi hasi zen bere bikotekide Dalia Soto del Valle agerpen txikiak egiten. Irakaslea lanbidez, alfabetizazio kanpaina batean ezagutu omen ziren duela 40 urte inguru eta elkarrekin egon dira orduz geroztik. Bost seme-alaba dituzte elkarrekin, guztiak A letrarekin hasitako izenekin: Alexis, Alex, Alejandro, Antonio eta Angel.
Gainera, komandanteak badu "erdi-ezkutuko" baina onartutako beste alaba bat ere, Alina Fernandez (1956). Castoren alaba polemiko horrek duela urte asko alde egin zuen Kubatik eta geroztik aitaren eta irlako erregimenaren kontra hitz egiteagatik egin da ezagun
Euskadi Irratiko azken albistegia