Mundua

LEHENENGOZ 1959AZ GEROZTIK

Fidel Castrok Raul anaiaren esku utzi du kargua, aldi baterako

2006/08/01

80 urte beteko dituen Kubako agintariari ebakuntza egin behar izan diote hesteetako gaitz bat zuelako. Kubako gizarteak normaltasunez hartu du albistea. Fidelen eta anaia Raulen profilak.

Fidel Castro Kubako agintariak Raul bere anaiaren esku utzi du kargua behin behinean, hesteetako gaitz bat dela eta, ebakuntza konplexua egin behar izan diotelako, Kubako telebista publikoan jakinarazi dutenez.

Castrok berak sinatu zuen telebistan irakurritako mezua. Bertan, aurki 80 urte beteko dituen agintariak agertu du zenbait astetan bertan behera utziko dituela Gobernuko eta Alderdi Komunistako bere lanak.

Kubako telebista publikoak programazio informatiboa luzatu egin zuen "Kubako herritarrei" komandantearen "aldarrikapena" jakinarazteko.

Pantailan Carlos Valenciaga Castroren idazkari pribatua azaldu da eta presidentearen oharra irakurri du.

Castroren esanetan, Cordobara (Argentina) Mercosur gailurrean egoteko egin zuen bidaiak eta Moncada Kuartelaren aurkako erasoaren urteurrena ospatzen duten uztailaren 26ko aberriaren eguneko ospakizunak prestatzeko lan handia eman diote.

Agintariaren esanetan, "muturreko estresa" pairatu du eta horrek "hesteetako krisia" eragin dio eta "odola botaka" ibili da. Ondorioz, "ebakuntza konplexua" egin behar izan diote.

Egoera honetan, hainbat astetan "atsedena" hartu beharko du eta lana "alde batera" utzi beharko du, agertu zuen agintariak oharrean. Hala ere, ez dute agertu ebakuntza nola atera den.

Lehenengoz 1959az geroztik

1959ko urtarrilaren 1ean Kubako Iraultza garaile atera zenez gero, Fidel Castrok bere kargua transferitzen duen lehen aldia da.

Kubako agintaria karguan denbora gehien egin duen munduko liderra da, izan ere, 47 urte daramatza irlako agintaritzan. 1952an koroatu zuten Elizabeth Britainia Handiko erreginak soilik egin du denbora gehiago Estatu buru bezala.

Fulgencio Batista uzkaili zuen iraultzaren ondoren iritsi zen Castro boterera. Garai hartan bertan, Raul bere anaia dagoeneko berarekin batera zegoen eta orain ia 50 urtetan agintari bakarra ezagutu duen nazioa gestionatzeko ardura du.

Ameriketako Estatu Batuak Castroren gobernu iraultzailea aitortu zuen lehen herrialdea izan ziren, hala ere, burututako erreforma ekonomikoek laster aztorarazi zituzten lider estatubatuarrak.

Washingtonek blokeo komertziala aplikatu zuen irlan. Egoera are gehiago tenkatu zen Kubako agintariak Sobiet Batasunarekin harremanak estutu zituenean.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta