2006/11/08
Iñaki de Juana Chaosek amaieraraino eramango du atzo, Gara egunkarian argitaratu zituen bi artikuluen edukiagatik hamabi urte eta zazpi hilabeteko zigorra ezarriko ziotela ezagutu bezain laster, abiatu zuen gose-greba. Horren berri emateko, gutun bat igorri dio Aranjuezeko espetxe zuzendariari, protesta bururaino eramango duela esateko, Efe albiste-agentziak zabaldutakoaren arabera.
Abuztutik urrira bitartean, 63 egunez, egin zuen greba De Juanak, baina zenbait komunikabidek gose-greba hori ezbaian jarri zuten, bisitez baliatuta elikagaiak jaten zituela esanda.
Horren harira, Aranjuezeko (Madril) espetxeko zuzendariari isolamendu modulura eraman dezaten eskatu dio bisitarik eta gainerako presoekin harremanik izan ez dezan; elikagaiak eman dizkietela berriz esan ez dezaten lortu nahi du De Juanak neurri horren bidez.
Auztegi Nazionalak hamabi urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio De Juanari, Gara-n argitaratutako artikuluetan mehatxu terroristak egitea leporatuta.
Egungo legedia kontuan hartuta, Auztegi Gorenak ez badu De Juanaren abokatuak jarritako helegitea aintzat hartzen, zigorra oso osorik bete beharko du eta ezin izango du baldintzapeko askatasuna izan hiru laurdenak bete arte.
De Juanaren osasun-egoerak okerrera egiten badu, espetxeetako Administrazioak hirugarren gradua eman diezaioke. Fiskalak espetxeetako Administrazioaren erabakia errekurritzen badu bakarrik hartuko du esku Auzitegiak.
Espetxeetako Araudiaren 100. artikuluaren arabera, lehen graduan dagoen preso batek zigorra hain zorrotzak ez diren baldintzatan bete dezake. Besteak beste, Rafael Vera Estatuko segurtasun idazkari ohiari ezarri zioten neurri hori. Horretarako, baina, agintaritza judizialaren oniritzia eman behar da.
1987an espetxean sartu zenetik, hirugarren gose grebari ekin dio preso donostirarrak. 90eko hamarkadan egin zuen lehena eta abuztuaren 7an bigarrena. Azken hori, urrian utzi zuen, 63 egun baraualdian egon ondoren.
Euskadi Irratiko azken albistegia