2006/11/08
Auzitegiek Iñaki de Juana Chaos presoari ezarritako zigorrari buruz galdetuta, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak, bake-prozesua "zailtzen" duten "faktoreak" egon daitezkeela adierazi du gaur. Halere, Espainiako presidenteak, bake-prozesua ez duela sententzia batek baldintzatzen azpimarratu du eta "arazoa ETAk armak uzteko duen borondatean oinarritzen dela" esan du.
De Juanak atzo hasitako gose-grebaren inguruan ere mintzatu da Zapatero eta horrekin batera, Gobernua, azkenaldian hartutako erabaki judizialengatik kezkatuta dagoen edo ez galdetu diote Gobernuburuari. Ildo horretan, erabaki horiek prozesuan eragina izan ditzaketela adierazi du, eta beste behin ere, "bake-prozesua luzea eta zailtasunez betea izango dela" gaineratu du.
4 hilabete baino gehiago beharko dira gatazka konpontzeko
Jose Luis Rodriguez Zapaterok 40 urteko indarkeriari amaiera eman behar zaiola gogora ekarri du eta hori egiteko lau hilabete baino gehiago behar direla nabarmendu du. "Denbora hori igaro da hain zuzen ere, Kongresuan, ETAk armak uzteko borondatea zuen ala ez egiaztatuko nuela iragarri nuenetik".
Exekutiboko buruak, "irmotasunez, inteligentziaz eta ikuspegi historikoa kontutan hartuta" lan egin behar dela esan du, "Trantsiziotik hona Espainiako demokraziak izan duen gai larrienaren aurrean baikaude eta beraz, egoeraren parean jarri behar gara".
De Juanak hasitako gose-grebari eta honi ezarritako zigorrari dagokionez, "batzutan Zuzenbidezko Estatuaren jarduerarekin zerikusia duten gauzak jazotzen direla" esan du, alegia, "bake-prozesuan eragina izan ditzakeen gauza bat edo beste". "Baina guzti hau ezin da sententzia baten araberakoa izan, ETAren borondatearen araberakoa izan behar da", zehaztu du.
"Hori da beraz gakoa, beste guztia prozesua oztopatzen duten faktoreak izan daitezke", amaitu du.
ETAren borondatea bermatu arte ez du urratsik emango
Harik eta ETAk armak betirako uzteko borondatea duela bermatu arte, Gobernu Zentralak ez duela urratsik emango ziurtatu du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak. Haren hitzetan, Jose Maria Aznarrek ez zuen bide hori jarraitu, eta talde armatuak su-eten iraunkorra indarrean izan gabe, hainbat euskal preso Euskal Herrira hurbildu zituen.
Pio Garcia-Escudero PPk Senatuan duen bozeramaileak gaurko kontrol saioan egin dion galderari erantzunez egin ditu adierazpenok Zapaterok. Presidenteak argi utzi nahi izan du ETAk martxoan su-etena deitu zuenetik, Gobernu sozialistak, "beste gobernu batzuk ez bezala", Zuzenbide Estatuaren arau guztiak errespetatu dituela.
Hori entzunda, espainiarrak "inozotzat" hartzea egotzi dio Zapaterori Garcia Escuderok. Haren hitzetan, "ETAk armak utziko dituen zantzu izpirik ez dago". Buruzagi popularraren aburuz, talde armatua ari da "bake-prozesua deitzen diotenaren arauak eta mugak" ezartzen.
"Terrorismoaren kontrako borrokan" PSOEk oraindik popularrei laguntza eskatuko diela ziur agertu da PPko eleduna.
Euskadi Irratiko azken albistegia