2008/10/05
Sarah Palin AEBetako presidenteordetzarako hautagai errepublikarrak atzo Barack Obama presidentziarako hautagai demokratari "terroristen lagun egitea" leporatu zion.
Adierazpenak atzo bertan New York Times egunkariak argitaratu zuen artikulu baten ildora egin zituen Palinek. Artikuluan Obamak Bill Avers, Vietnamgo guda garaian Weather Underground erakundeko kide izandakoarekin duen harremana aipatzen zuen.
Bill Avers orain Illinoisko (Chicago) Unibertsitateko irakaslea da, eta egunkari amerikarrak azaldu zuenez, Obamak eta berak daukaten harremana ez da estua.
Hala, Hari Sevugan Obamaren bozeramaileak esan zuenez, "gaur McCainek eta Palinek osatzen duten taldeak orain arte egin duten kanpaina laidogarri eta lotsagarrian beste urrats bat eman du eta finantzen krisiari jaramon egin beharrean, Obama senatariaren aurkako eraso pertsonalak egitea aukeratu dute".
Seguvanek ohartarazi du "Amerikako langile eta familientzako konponbideak eskaini beharrean, politika trauskila eta eraso faltsuak" eskaini dituztela.
Etxe Zurira iristeko gakoak diren hainbat estatutan McCain Obama baino atzerago dagoela jakin zen une beretik Palinek esan zuenez, "mozorroak kentzeko momentu bat egon ohi da, eta momentu hori hauxe da".
Alaskako gobernatzaileak esan zuen Obama "AEBentzako lotsagarria" dela eta gainera herrialdea hain "inperfektu ikusten duenez, jomuga bere herrialdea izan dezaketen terroristen lagun" egiten dela .
Chicagoko fundazio batean egon zen hautagai demokrata Aversekin lanean, eta Obamak berak esan duenez, Aversek zortzi urte baino ez zituen la Weather Underground erakundeak bonbardaketa ezagun hura egin zuenean.
Gainera, Bill Clinton presidenteak agintaldiko azken egunetan erakunde hartako bi kide absolbitu zituela gogoratu du.
Euskadi Irratiko azken albistegia