2008/09/04
Nazioarteko altzairu ekoizle nagusiak, Arcelor-Mittal taldeak, eta Eusko Jaurlaritzak akordioa sinatu dute urtea amaitu baino lehen Bizkaian altzairua ikertzeko puntako zentroa eraikitzeko.
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Gregory Ludkovsky taldeko ikerketa eta garapen presidenteordeak eta Gonzalo Urquijo Zuzendaritza Nagusiko kideak sinatu dute akordioa, hain zuzen ere, Lehendakaritzan.
Inbertsioa 100 milioi eurokoa izango da, eta erdi bana ordainduko dute Jaurlaritzaren eta Arcelor-Mittalen artean.
Urquijok azaldu duenez, Loiuko aireportutik gertu dagoen herri batean eraikiko dute zentroa. Bertan goi-milako 45 ikertzailek egingo dute lan.
Zentroak ikerketa programetan parte hartuko du erkidegoan, Estatuan eta nazioartean eta hainbat elkarterekin arituko da elkarlanean, hala nola altzairuaren alorreko I+G (ikerketa eta garapena) zentroekin eta talde bereko instalazioekin.
Unibertsitatetik irten berri diren tituludunak erakartzeko lan egingo du I+G+I gisako jardueretan eta unibertsitateekin lan egingo du doktoretzak sustatzeko.
Euskadi, "erreferente" bat
Akordioaren sinadura ekitaldian lehendakariak azpimarratu duenez, "gaur hemen, Euskal Herrian, sinatu duguna altzairuaren alorrean nazioartean liderra den konpainia baten konfiantza da" eta horrek, bere aburuz, sekulako poztasuna ematen die instituzioei eta euskal gizarteari berari.
Ibarretxek esan duenez, hamar urtean Euskadi lider bilakatu da kalitatearen alorrean "eta orain instituziook eta eragile ekonomikook berrikuntzaren alorrean erreferente bilakatzeko konpromisoa hartu dugu"
Ekonomian "ez dago miraririk", esan du lehendakariak eta euskal herrikoak (ekonomiak) egungo krisiari espainiarrak eta europarrak baino "hobeto eusten badio" iraganean erabaki egokiak hartu zirela esan nahi du, industria ekonomiaren eragiletzat mantentzea, alegia, adierazi du.
Arcelor-Mittal munduko siderurgia-ekoizlerik handiena da eta 320.000 langile ditu 70 herrialde baino gehiagotan.
Munduan ekoizten den altzairuaren %10 Arcelor-Mittalek produzitzen du, urtean 116 milioi tona inguru. Iaz 105.200 milioiko salmentak izan zituen.
Euskadi Irratiko azken albistegia