2008/08/30
Athletic Cluben entrenatzaileak, Joaquin Caparrosek, segurutzat jo du Realeko Mikel Balenziaga defentsaren fitxaketa. Ordu erdi lehenago, ordea, Fernando Garcia Macua presidenteak fitxaketen inguruan kluba "kontu handiarekin" ibili behar dela adierazi du "ogiaren prezioa" igo ez dadin.
"Merkatuan zegoen jokalari bat da eta Athleticen kirol-zuzendaritza oso azkar aritu da, talde oso garrantzitsuak baitzeuden bere fitxaketaren atzean", esan du Caparrosek Bizkaiko egunkari askok argitaratu duten ezker hegalekoaren fitxaketari buruz galdetu zaionean.
Galdera berari, ordea, erantzun ezberdina eman dio Macuak ordu erdi lehenago Lezamako prentsa-aretoaren kanpoaldean. Garcia Macuak "negoziazioei buruz bakarrik itxita daudenean" hitz egiten dutela esan du.
"Ezin dugu baieztatu, ez eta ezeztatu ere. Itxita egon arte ez dugu honi buruz hitz egingo. Oso merkatu berezia daukagu eta ezin dugu gauza hauetaz hitz egin, gu jokalari bat erosi nahi dugunean beraren prezioa igotzen baita", azpimarratu du.
Caparrosek, ordea, Balenziagari buruz "informazio askorik" ez duela esan die kazetariei, bakarrik Athleticen eta Espainiako selekzioaren harrobiko arduradunek eman dizkioten oharrak dituela.
"Lehen taldean lehiatzera etorriko da, Bilbao Athleticen hobeto lehiatu dezan. Lasaitasuna emango diogu. Lehenenengo eta behin etorri dadila eta gero baloratuko dugu", gaineratu du prestatzaileak.
Euskadi Irratiko azken albistegia