2008/08/28
Puntaerdi zurigorriak Adurizen kasua aldagelan "tristuraz" bizi izan dutela azaldu zuen. "Denok dakigu Aduriz guretzat zer den, zer izan den eta zer izan zitekeen etorkizunean Athleticentzat. Oso garrantzitsua zen bai berdegunean eta baita aldagelan ere eta bere irteera guretzat ez da ona izan", onartu zuen.
"Ez dugu ulertzen. Ezin dugu ulertu, baina klubak erabaki bat hartu du eta hura hartzeko arrazoiak izango ditu. Espero dugu denborak Adurizi arrazoia ematea. Guk badakigu oso jokalari ona dela eta bere taldeetan gol asko sartuko ditu, ziur nago", esan zuen.
Zentzu honetan, Yestek espero du "kirol aurrean atzerapausua ez izatea", izan ere "hemen jokalari onak daude, baina Adurizen alde egitea nabaritu daiteke". Hala ere, "jokalari garrantzitsuak" dituztela gogoratu zuen.
Fernando Garcia Macua presidenteak jokalari batzuk "estrategikoak" zirela esan zuen eta ezberdintasun hori ez zitzaion egokia iruditu basauritarrari. "Hemen denok gara garrantzitsuak. Denok daukagun guztia jartzen dugu taldeari laguntzeko eta denok garrantzitsuak garela sentitu behar dugu. Ez zait ondo iruditzen batzuk besteak baino garrantzitsuagoak izatea", azaldu zuen.
Fran Yestek aurredenboraldiari buruz ere egin zuen berba. "Ez da erosoa izan bidai asko izan ditugulako", esan zuen. Hala ere, Ligan bakarrik ari direla pentsatzen esan zuen, "hori baita onena" eta Almeriaren aurka "partida oso ona" egitea espero dutela.
"Ilusio handiz ekingo diogu ligari eta helburua irabaztea da. Buruan beste ezer ez daukagu, ahalik eta hobetoen hasi behar dugu liga", gaineratu zuen.
Bestalde, aipagarria da Fran Yeste prentsa aretoan agertu zela ia urtebete agertu barik egon ondoren. Futbolariak onartu zuen klubak "mesedez eskatu" ziola kazetarien galderei erantzutea eta "arazorik gabe" baietz esan ziela.
Kazetarien aurrean agertu ez izana "gauza askorengatik" izan dela esan zuen, prentsak berarekin "gauzak txarto" egin zituelako, baina ez zituen horiek azaldu nahi izan. Iazko denboraldi amaieran klubaren ekitaldietara ez joatearen arrazoiak ez zituena azaldu nahi izan basauritarrak.
Euskadi Irratiko azken albistegia