2008/08/20
Guardian zegoen Madrilgo 11. zenbakiko Epaitegiko titularrak Spanairren hegazkinaren istripuaren ikerketa hasi du. Hegazkinak lurra jo du Barajaseko aireportutik aireratzen ari zela.
Iturri judizialek azaldu dutenez, epailea sortu duten batzorde judizialaren buru da eta aireportuan dago jada, lehenengo eginbideak betetzen eta gorpuak eramateko baimenak ematen.
Gorpuak 150 izatera hel litezke eta Ifemako pabilioi batera eramaten ari dira. Bertan, auzitegiko 20 bat mediku identifikazio lanak egiten ari dira.
Halaber, AEBetako Segurtasun Nazionalerako Kontseiluak aditu-talde bat bidaliko du ikerketan laguntzeko asmoz.
Pilotuen sindikatuaren adierazpenak
SEPLA pilotuen sindikatuak ziurtatu duenez, Spanairren JK5022 hegaldian lanean ari zen tripulazioa oso "ondo prestatuta" dago eta esperientzia handikoa da MD-82 hegazkinak gidatzen.
Horrela baieztatu du sindikatuak senideei helarazitako komunikatu baten bidez "istripu izugarriaren" harian. SEPLAko iturriek azaldu dute komandantea "beteranoa" dela eta zortzi urteko esperientzia duela horrelako hegazkinak gidatzen.
Hegazkina
Istripua izan duen hegazkina MD82 modeloa da eta 172 bidaiarirentzako zeukan lekua. AEBetako agintariek homologatu zuten 1980 urtean eta 1999.etik aurrera ez dute fabrikatzen.
Spanairrek 63 hegazkin ditu guztira, horietatik, 36 MD seriekoak, 17 Airbus A320 eta zazpi Boeing B717.
Azterketa eginda zeukan
Jausitako hegazkinak urtero egin behar den azterketa eginda zeukan, enpresako langileek egin zuten eta ordutik ez du jazoerarik izan, Sergio Allart zuzendari komertzialak azaldu duenez.
Allarten hitzetan, aireko lineak MD serieko hegazkinak zerbitzutik kentzeko asmoa zeukan, baina ezin izan du zehaztu horietako bat istripuarena zen ala ez, matrikula zenbakia ezagutzen ez zuelako. Hegazkinak 15 urte zituen eta bederatzi zeramatzan enpresa horrekin lanean.
Euskadi Irratiko azken albistegia