2008/08/20
Mensajeros de La Paz ONGko presidente eta sortzaile den Angel Garciak baieztatu duenez, Barajaseko aireportuan 50 bat senide daude hegazkin-istripuko biktimen inguruko berriak jasotzeko zain.
Angel Garcia hegazkinean zihoan azafata baten gurasoekin dago eta, esan duenez, familiarrek ez dakite hildakoen kopurua zenbatekoa den.
"Guztien artean larritasuna da nagusi, baina bizirik atera direnen artean euren senideak egongo direnaren esperantza inork ez du galtzen", azpimarratu du.
Horrez gain, Spanairrek baieztatu duenez, istripuan izan duen hegazkineko bidaiarien senitartekoak Kanaria Handiko Las Palmasetik Madrilera abiatu dira arratsaldean.
Psikologo taldea
Bestalde, Gurutze Gorriko bost psikologo bidaiarien senideak artatzen ari dira Kanaria Handiko aireportuan.
Psikologoak Gurutze Gorriko 20 laguneko talde baten barnean daude.
Bost psikologoez gain, Gurutze Gorriak anbulantzia medikalizatu bat eta oinarrizko bi bidali ditu, mediku batez, erizain biz eta boluntarioez gain.
Gorpuak
Barajasen asteazken arratsalde honetan izandako istripuan hildakoen gorpuak IFEMAra eramango dituzte, aireportuko iturriek eta bertako hedabideek informatu dutenez.
Madrilgo Azoka Erakundeko eraikina aireportutik kilometro gutxira dago, eta biak errepidez lotuta daude.
IFEMAko pabiloietako bat, 6 zenbakikoa, alegia, duela lau urte egokitu zuten, M-11ko atentatuen ostean hildakoen gorpuak hara eramateko.
Euskadi Irratiko azken albistegia