Gizartea

JAIEN AMAIERA

Gutxiago falta da Sanferminetarako

2008/07/15

Iruindarrek agur esan diete gaur gauerdian Sanferminei "Pobre de mi" tradizionala abesten. Baina albiste ona ere badago: gutxiago geratzen da 2009ko jaiak hasteko.

Milaka pertsonak aurtengo Sanferminak agurtu dituzte gaur gauerdian "Pobre de mi" kanta tradizionala abestuz.

Ekitaldia Udaletxeko plazan izan da, 24:00etan. Bertan, Yolanda Barcina Iruñeko alkateak jaien amaiera iragarri du.

"Iruindarrok, amaitu egin dira Sanferminak, hori dela eta, 2009ko uztailaren 6rako deitzen dizuet plaza honetan. Izan ere, gutxiago falta da jada denok 'gora San Fermin' berriro esan dezagun", esan du gaztelaniaz Barcinak Udaletxeko balkoitik.

Hilaren 6an baino jende gutxiago bildu da bart plazan, baina egon direnek parrandaz gozatzeko asmoa izan dute, jaien amaiera izan bada ere.

Sanferminetako amaieren kanta tradizionalak abestu eta gero, hurrengo ediziorako gutxiago falta dela ospatu dute.

Kandelak eskuetan, azken bederatzi egunetan jantzita izan duten zapi gorria kendu dute iruindarrek.

Aurtengo Sanferminetan ez da aparteko gorabeherarik jazo, eta entzierro gehienak garbiak eta azkarrak izan dira. Lau pertsona baino ez dira adarkadaz zauritu.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta