Gizartea

BOSGARREN ENTZIERROA

Jandillako zezenek entzierro zirraragarria egin dute

2008/07/11

Entzierroak 02:32 minutu baino ez badu iraun ere, oso ikusgarria izan da eta korrikaldi politak ikusi dira. Jende asko erori da, baina korrikalari gehiegi zeudelako, eta ez zezenak adarkatzen saiatu direlako.

Jandilla ganadutegiak ospe handia du Sanferminetan, eta gaur erakutsi egin du zergatik. Gaurkoa bai zirrara!

Zezenek 02:32 minutu baino ez dituzte behar izan ibilbidea egiteko, baina tarte txiki horretan denetarik ikusi da: korrikaldi ikusgarriak, lasterkariak eta zezenak erortzen, arriskua...

Gainera, denen onerako, 'jandillek' euren estatistika hautsi (1,72 lagun adarkatuta batez beste) eta aurtengo entzierro garbiena egin dute, irudiak ikusita kontrakoa dirudien arren. Arrisku uneak izan dira, bai, baina sustoak baino ez dira izan. Ez da inor adarkadaz zauritu.

08:00etan ukuiluetatik atera eta gero, zezen taldea abiadura handiz abiatu da Santo Domingoko aldapan gora, eta garbi egin du topo korrikalariekin.

Errepidearen erditik eta euren artean oso elkartuta heldu dira Udaletxeko plazara, eta ostean Mercaderes kalera iritsi dira. Korrikalari asko erori dira tarte horretan, animaliek indar handiz egin baitute aurrera.

Arriskua, Estafetan

Zezenek garbi pasatu dute Estafetako bihurgunea, baina batek talka egin du egurrezko harresien aurka, eta taldea zatituta geratu da.

Ostirala denez, aurreko egunetan baino korrikalari gehiago izan dira gaurko entzierroan, eta ondorioz, eskarmenturik gabeko korrikalari gehiago ere egon dira. Batzuk animaliak besarkatzen saiatu dira, baina, haien onerako, zezenek ez diete kasurik egin.

Ohi den bezala, Estafetan korrikaldi ikusgarrienak izan dira, lasterkariek zezenen artean eta adarren aurrean korritu ahal izan baitute.

Jende asko erori eta lurrean pilatu dira, baina zezenek ez diete ezta begiratu ere egin, eta bidean aurrera jarraitu dute.

Lehen taldea aparteko gorabeherarik gabe heldu da Telefonica ingurura. Han, zezenetako batek harresien aurka egin du, egurra adarkatu nahian, baina ez du inor harrapatu. Beste susto bat.

Ondoren zezen plazan sartu dira, baina ez dute beste arazorik sortu eta ukuiluetan sartu dira berriro.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta