2008/07/10
Toledoko El Ventorrillo ganadutegiko zezenek aurrenekoz korritu dute Sanferminetan aurten, eta entzierro azkarra, garbia eta duina egin dute gaurkoan. Ikusgarria ere izan da, animaliek abiadura handiz egin baitute ibilbidea. Azkenean, 02:38 minutu baino ez dituzte behar izan ukuiluetan sartzeko.
Entzierroa 08:00etan hasi da, korrikalariek Santuari hiru aldiz abestu eta gero, ohi bezala. Santo Domingon bertan, lasterkariekin topo egin bezain laster, kabestru bat lehena jarri da eta indar eta abiadura handiz zuzendu du taldea.
Horren ondorioz, hainbat korrikalari erori dira entzierroko lehen kaleetan, zail izan baitute erritmoari eustea. Asko zezenen aurpegian ere jausi dira, baina animalien lehentasuna ez da adarkada izan.
Sanferminetako irudirik ohikoenetakoa Mercaderes eta Estafeta kaleen arteko bihurgunean egon ohi da, animaliek irrist egiten baitute. Dena dela, aurten ez da halakorik gertatu oraingoz, eta 'ventorrillo' zezenek ere garbi pasatu dute.
Handik eta metro batzuetara, baina, Estafeta kalean jada, animalietako bat erori egin da kaleko ezkerraldean, eta atzetik zetorren anaia batek talka egin du haren kontra. Harrezkero, zezen taldeak zatituta korritu du, batzuk atzean eta bakartuta geratu baitira.
Telefonica parean ere lasterkariek korrikaldi ikusgarriak egin dituzte, zezenek pertsona batzuk kolpatu badituzte ere.
Zezenak bi taldetan sartu dira plazan. Lehenak zuzen-zuzenean egin du barrena, eta bigarrenak handik eta segundu gutxi batzuetara, korrikalariei begiratu barik, historia honetako protagonistak izango ez balira bezala.
Euskadi Irratiko azken albistegia