Gizartea

HIRUGARREN ENTZIERROA

Entzierro zirraragarria eta arriskutsua

2008/07/09

Gaurko entzierroa aurtengo arriskutsuena izan da. Zezen bat atzean geratu da Estafetako bihurgunea egin eta gero, eta zenbait lagun kolpatu ditu. Entzierroak 03:44 minutu iraun du.
Fuente Ymbro ganadutegiko zezenak, hirugarren entzierroaren protagonistak. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Fuente Ymbro ganadutegiko zezenak, hirugarren entzierroaren protagonistak. Argazkia: EFE

Fuente Ymbro (Cadiz) ganadutegiko zezenak laugarrenez etorri dira Sanferminetara. Ausart ospea zuten eta ez dute huts egin. Zalantzarik gabe, aurten oraingoz izan den entzierro arriskutsuena eta zirraragarriena izan da gaurkoa.

Animaliek garbi pasatu dute Mercaderes eta Estafeta kaleen arteko bihurgunea, baina harrezkero zezenetako bat atzera egiten saiatu da. Unaiek galarazi dute, baina une horretan atzetik zetorren beste zezen batek unaietako bat kolpatu du. Dena dela, badirudi ez duela adarkatu.

Atzera egiten saiatu den zezena, Pelicano izenekoa, atzean geratu da jada eta zenbait korrikalari kolpatu ditu plazan sartu baino lehen.

Nolanahi den ere, entzierroa hasieratik izan da zirraragarria. Santo Domingon korrikalariekin topo egin bezain laster, zezenetako bat eskuinera begira egon da uneoro, baina inor adarkatzen saiatu gabe. Lasterkariek, euren partez, korrikaldi ikusgarriak egin dituzte, eta arrisku eta ikusgarritasun nahastura horrek edertasuna utzi du Iruñean.

Azkenean, ganadutegi honek ohi duen baino entzierro luzeagoa egin du. Zezenek hiru minutu baino gehiago behar izan dituzte ibilbidea egiteko, eta aurreko urteetan bi inguru baino ez.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta