2008/07/08
Sanferminetako bigarren entzierroa nahiko garbia izan da atzokoarekin alderatuta. Cebada Gago ganadutegiaren zezenek ez dute kalte larririk eragin korrikalarien artean. Entzierroan parte hartu duten lagunen kopurua ere astelehenekoa baino txikiagoa izan da.
Guztira, bost lagun ospitaleratu behar izan dituzte. Horietako batek adarkada txiki bat jaso du izter batean Telefonicako tartean eta gainerakoek adar kolpeak. Batek kolpe ugari eta zapaltzea izan du eta besteek pronostiko erreserbatua dute.
Adarkada jaso duen laguna, E.I.T 31 urteko bilbotarra, Bideko Ama Birjina ospitalera eraman dute.
Toki berean zauritutako beste korrikalaria ere zentro berean dago. Era berean, J.N.I 45 urteko iruindarrak ere adar kolpe bat pairatu du eta aurreko biak bezala Bideko Ama Birjinara eraman dute.
Beste biak, berriz, Nafarroako Ospitalean artatu dituzte. J.P.L. 23 urteko madrildarrak zauria zuen buruan; A.G.H Amorebieta-Etxanoko 37 urteko bizilagunak kolpeak ditu saihetsetan eta beso batean; eta J.H.Z. 21 urteko bilbotarrak zapaltzea izan du orkatilan.
Bestalde, atzo larri zauritu zen Lekunberriko korrikalariak Nafarroako Ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean jarraitzen du eta hobera egin du, beraz, ez diote ebakuntzarik egin behar izan.
Euskadi Irratiko azken albistegia