2008/07/07
Conde de la Corte (Badajoz) ganadutegiko zezenek eman diote gaur hasiera aurtengo Sanferminetako lehen entzierroari.
Oro har, entzierro luze (04:20 minutu) eta garbia izan da, baina oso kaotikoa, zezenen taldea ibilbidea hasi eta gutxira apurtu baita.
Entzierroa 08:00etan hasi da, ohi den bezala. Lehenago, korrikalariek babesa eskatu diote San Fermini eta Iñaki Ochoa de Olza zena omendu dute, entzierroko lehen zatia korritzen baitzuen. Mendizalea Himalaian hil zen duela bi hilabete.
Zezenak ukuilutik atera eta garbi heldu dira korrikalarienera. Aldaparen erdialde partean, baina, animalietako batek gainerakoak aurreratu ditu eta taldea luzatu egin da. Tarte honetan hainbat pertsona erori dira.
Animaliek aparteko gorabeherarik gabe zeharkatu dituzte Udaletxeko plaza eta Mercaderes kalea. Estafetako bihurgunea ere garbi egin dute, eta ez da zezenik erori.
Estafeta kalean animaliak hiru taldetan banatu dira eta zezen bat atzean geratu da, bakartuta.
Dena dela, ohi baino jende gutxiago egon denez eta zezenek astiro korritu dutenez, korrikaldi ikusgarriak egin dituzte Estafeta kalean.
Arriskua, Telefonicatik aurrera
Ibilbideko une arriskutsuenak Telefonica pasatu eta gero gertatu dira. Bakartuta zegoen zezena noraezean ibili da. Geldirik ere egon da eta atzera egingo zuela zirudien, baina unaiei esker aurrera egin du azkenean.
Zezen taldea baino minutu bat beranduago heldu da zezen-plazara. Bertan erori egin da eta horrek gehiago iraunarazi du entzierroa.
Euskadi Irratiko azken albistegia