2008/06/24
Itsas ulu zolia, Orioko musikariaren diskoa, urriaren 16an aurkeztuko dute, eta Itoizen bilduma, berriz, urriaren 30ean.
Elkar diskoetxeak datorren udazkenean argitaratuko dituen nobedadeen aurrerapen bat jakinarazi du, eta, horien artean, Benito Lertxundiren disko berria eta Itoiz taldearen musika eta irudiak jasoko dituen CD-DVD bilduma bat nabarmendu daitezke.
2005. urtean kaleratu zuen zuzeneko diskoari buelta handia eman eta gero, Benito Lertxundik beste disko bat aurkeztuko du kantu berriekin: Itsas ulu zolia. Elkar diskoetxeko arduradunen arabera, Orioko musikariaren disko berriak "itsas usaia dakar, kresala kantuekin barreiatuta".
Diskoaren azalerako eta diseinu orokorrerako, Karmelo Bilbao Unanue marrazkilari bizkaitarraren itsas giroko margolan eder eta arduragarri bat erabili da. Lanaren aurkezpen data urriaren 16a izango da.
Halaber, aurtengo abenduan, Itoiz taldearen lehenengo diskoaren (Lau Teilatu) 30. urtemuga ospatzeko, CD-DVD bat plazaratuko du Elkarrek. Alde batetik, taldearen diskografian horrelakorik ez dagoela ikusita, CD bilduma bat (estudioko diskoetatik aukeratua) osatzen ari da; 18 bat funtsezko kantu izango dira.
Bestetik, eta benetako berritasun modura, taldearen irudiak, bideoklipak edo telebistetan grabatutako programak jasoko dituen DVD adierazgarria eta historikoa osatzen ari da. "Itoizek, berriro ere, ustekabean harrapatu gaitu, altxor bat zuen ezkutuan, besapean gorderik: bere irudia", adierazi dute. Lan osoa urriaren 30ean aurkeztuko da.
Euskadi Irratiko azken albistegia