2008/06/18
Garai txarrak datoz etorkinentzat. Europako Parlamentuak azken aldian polemika handia piztu duen neurria onartu du gaur, hau da, estatukideei agiririk gabeko etorkinak 18 hilabetez preso izateko baimena ematen diena.
Europako Kontseiluak, Afrikako eta Latinoamerikako hainbat Gobernuk eta hamarka artistak eta intelektualek neurriaren aurkako adierazpena sinatu dute.
367 diputatuk idatziaren alde bozkatu dute, 206k aurka eta 109 abstenitu egin dira. Europako Alderdi Popularrak (Espainiako ordezkaritza barne), liberalek eta eskuin nazionalistek alde egin dute eta ezkertiarren zuzenketa guztiak errefusatu dituzte.
Lege berria bi urteren buruan sartuko da indarrean EBko herrialde guztietan.
Zertan datza neurria?
Neurri berriak 7 eta 30 egun arteko epea aurreikusten du agiririk gabeko etorkinak beren herrialdeetara borondatez itzul daitezen.
Gainera, etorkinak kanporatu baino lehen, 6 hilabetez preso eduki ahal izango dituzte Hogeita zazpiek. Beren buruak identifikatzeko laguntza ematen ez badute edota jatorriko herrialdeetako agiriak lortzeko zailtasunak badaude, baina, beste 12 hilabetez luzatu ahal izango dute atxiloaldia.
EBko bederatzi herrialdek (Britainia Handia, Suedia, Grezia, Danimarka, Finlandia, Estonia, Irlanda, Malta eta Herbehereak) ez dute gaur egun agiririk gabeko etorkinentzako atxiloaldirik zehaztuta. Hori dela eta, euren legediak aldatu beharko dituzte.
Horrez gain, kanporatutako etorkinak ezin izango dira bost urte igaro arte Europar Batasunera itzuli, sarrera galarazita izango baitute.
Adingabeei dagokienez, euren herrialdeko erakundeen esku geratu ahalko dira, nahiz euren tutoreen zaintzapean, baldin eta familiakoak ez badira.
Asistentzia juridikoa doanekoa izango da, herrialde bakoitzeko legediak hala zehazten badu. Kanporatze agindu baten aurrean aurkezten diren apelazioen kasuan, berriz, irabazteko aukerak benetakoak direnean baino ez da laguntza doanekoa izango, eta denbora eta diru kopuruari dagokionez mugak izango ditu.
Euskadi Irratiko azken albistegia