Ekonomia

GELDIALDIA GARRAIOAN

Kamioi-ilara luzeak, portu itxiak eta erregairik gabeko gasolindegiak

2008/06/09

Hainbat gasolindegi erregairik gabe geratu dira. Bilboko eta Pasaiko portuetan izan du eragin gehien. Mercedesek Gasteizen duen lantegiak ekoizpena geldiaraziko du astearte honetan, eragindako pieza faltagatik.

Garraiolariek erregaien prezioen gorakada dela eta deitutako lehen greba egunak kamioi-ilara luzeak utzi ditu Frantziako mugako errepideko bide bazterretan, eta hainbat gasolindegi erregairik gabe geratu dira.

Liskar gutxi batzuk bakarrik gertatu dira, kamioi batzuei piketeek gurpilak zulatuta, eta oraingoz euskal dendak eta industriak hornituta daude. Izan ere, kontsumitzaileen erakundeek produktuak ez pilatzeko gomendatu dute.

Sindikatu deitzaileen arabera, lanuzteek "jarraipen handia" izan dute. Bizkaiko Garraiolarien Sindikatua (Sintrabi) eta Gipuzkoako Garraio Elkartea (Guitrans) deitzaileetako batzuk dira.

Mercedesek ekoizpena geldituko du

Mercedes Benz enpresak Gasteizen duen lantegiak ekoizpena geldituko du astearte honetan, garraiolarien grebak eragindako pieza falta dela eta, Jose Antonio Moreno enpresa batzordeko presidenteak informatu duenez.

Bilboko eta Pasaiko portuetan eragin handiena

Grebak eragin gehien izan duten tokiak Bilboko eta Pasaiko portuak dira, instalazioetan ia ez delako kamioirik sartzen edo irtetetzen, karga eta deskarga lanak normaltasunez egiten ari diren arren.

Biriatuko mugan egun osoan kamioiak zazpi kilometrotan geldituta egon dira eskumako erreian. Gainerako ibilgailuek ezkerrekotik zirkulatu behar izan dute, pilaketa luzeak eraginda.

Irungo toki horretan geldituta dauden gutxienez bi kamioik kolpeak dituzte lehioetan eta gurpilak zulatuta. Goizalde guztian tokian egon diren piketeek egin dituzte ekintzok.

Ertzaintzaren arabera, Euskadiko gainerako errepideetan normaltasunez zirkulatu daiteke.

Eguneroko bizitzan, gasolindegietan nabaritu da gehien grebaren eragina. Eroskik Bilbondon (Basauri) edo Boulevarden (Gasteiz) dituenak eta Artatzakoa (Leioa) erregairik gabe geratu dira.

Oraingoz dendak hornituta daude

Oraingoz dendak hornituta daude, erosketetako gurdiek karga handiagoak daramatzaten arren, eta industrietan normaltasunez ari dira lanean.

Fruta eskaintza aste osoan ez dela faltako azpimarratu dute Mercabilbaoko iturriek, baina fruitu lehorrak eta barazki freskoak urriak dira jadanik. Bestalde, aste osorako erreserbak dituztela esan dute Gorbeia merkataritza-guneko Carrefourretik.

Azkenik, asteburuan bere salmentek %25 egin dutela gora nabarmendu nahi izan du Eroskik.

Dena dela, kontsumitzaileen euskal elkarteak produktuak ez pilatzeko gomendioa egin du, solidarioa ez delako eta prezioen igoeraren alde egiten duelako.

Hiruren protestak

Beste alde batetik, ehun bat kamioi Eusko Jaurlaritzaren aurrean kontzentratu dira sektorearentzat berezko faktura eskatzeko, Hiru sindikatuak deituta. Faktura horren heren bat hiru hilero gasolioaren prezioari egokitu dadila eskatu du sindikatuak.

Kamioilariek Nuria Lopez de Gereñu Garraio sailburuarekin bilera bat izatea exijitu dute.

Taxiaren Euskal Federazioa ere bilera baten zain dago, taxilarien ondoeza erakusteko eta neurriak hartu ditzaten.

Nafarroa

Bestalde, Tradisna Nafarroako garraiolari autonomoen elkarteak esan du lanuztearen jarraipena Foru erkidegoan "oso garrantzitsua" izaten ari dela goizean goizetik.

Antonio Monzo elkarteko zuzendariak adierazi duenez, oraindik goizegi da datu zehatzak emateko, "baina lanuztea oso garrantzitsua da, errepideetan ez baita kamiorik ikusten".

Bere elkarteko garraiolariek istilurik izan ez dutela esan du, nahiz eta "zerbait gertatu den". Aldarrikapenak "lasaitasunez" egiteko eskatu du, "ezin dira zorakeriak egin", erantsi du.

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du goizaldean AP-15 autobidean eta beste zenbait errepidetan harriak jaurti dituztela kamioien kontra.

Greba eta luzea eta gogorra izango da

Garriolarien greba astelehen gauerdian hasi zen. Erregaiaren garestitzeak euren pazientzia agortu du. Horrela, hainbat erakundetan bananduta dauden arren, garraiolariak bat etorri dira eta egoera jasanezina dela aitortu dute.

Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako garraiolarien patronalek babestu dute mugagabeko greba; Hiru sindikatuak ez du lanuztearekin bat egin, baina mobilizazioak iragarri ditu.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta