2008/06/09
"Euskal gizartearen iritzia zein den ezagutu nahi ez duela eta axola ez zaiola erakutsi du berriro ETAk", azpimarratu du Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. El Correo egunkariaren aurka jarritako bonbari erantzuna eman dio Azkaratek, Donostian.
Zamudioko El Correo egunkariaren egoitzan goizaldean jarritako lehergailua gaitzetsi du Azkaratek, prentsaurreko batean. Era berean, zaurituak ez izateagatik zoriondu da, nahiz eta leherketa izan denean eraikuntzan ehun bat lagun lanean ari ziren. Ondorioz, kalte material garrantzitsuak eragin ditu erasoak.
Gizarteko "aniztasunaren berri egiaz ematen duten kazetariak isiltzeko" ahalegina izan da ETAk egindako azken eraso hori, euskal Exekutiboaren bozeramailearen arabera.
"Bere indarkeriaz gizarteak duen iritzia ezagutzeko beldur da ETA", erantsi du Azkaratek.
Bonbaren leherketa "aurretiko abisurik gabe" gertatu dela gogoratu du. Talde armatua "indarkeria eta espiral terrorista batean" dela erakusten ari dela nabarmendu du sailburuak.
EAJ
Behin betiko su-etena iragarri dezan eskatu dio "berriro" ETAri Iñigo Urkullu EAJko presidenteak. Euskal gizarteari autogobernuan sakontzen utz diezaion eskatu dio. "Euskal Herriaren izenean hitz egiten duela dio ETAk, baina herriaren %95ek ez du ETAn sinisten", gaineratu du EAJko agintariak.
PSE-EE
Euskal gizarteari "erreakzionatzeko eta atentatua gaitzesteko" eskatu dio Rodolfo Ares PSE-EEko Exekutibaren bozeramaileak. "Astakeria babesten eta justifikatzen dutenen" kontra erreakzionatzeko eskatu du.
PP
Bestalde, atentatuaren bidez "bere interesen alde" egiten ez duenez egunkaria "menderatu" nahi izan duela esan du Antonio Basagoiti Bizkaiko Alderdi Popularraren presidenteak.
EA
El Correo egunkariaren aurkako erasoa gaitzetsi du Mikel Irujo EAko bozeramaileak eta "bonba arazoari irtenbidea emateko eta eraikuntza nazionalerako atzera pausu bat" dela azaldu du.
EB
Atentatuaren "erabateko gaitzespena" egin du Mikel Aranak, Ezker Batuako Presidentetzaren bozeramaileak, eta ETAk "zentsura indarkeriaren bidez" ezarri nahi duela salatu du.
Aralar
Azkenik, Aralarrek erasoa "gaitzetsi" du eta "armen bidea uzteko" eskatu dio ETAri. El Correo egunkariaren langileei elkartasuna adierazi die Aralarrek ohar baten bidez.
Euskadi Irratiko azken albistegia